Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zaindu maite duzun hori

2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Azkenean eman diot aukera bat: O sabor das margaridas (2018) telesaila ikusten hasi naiz Netflixen. Plataforman estreinatutako galizierazko lehenengo telesaila da, hain zuzen ere. Martxoaren 31n estreinatu zuten, eta Erresuma Batuko lehen hamar telesail ikusienen artean kokatu da. Hori da marka. Thriller horren istorioa neska gazte baten bahiketan oinarritzen da, Murias izeneko herri txiki batean. Iragan traumatikoa izan duen emakumezko guardia zibil batek hartzen du kasua, eta hiltzailea bilatzen saiatuko da. Gidoiak Eskandinaviako telesailen kutsua dauka (nordic noir). Bron/Broen-eko (2011) Saga Noren emakumezko protagonista ekarri baitit gogora. Errealizazioari dagokionez, benetan lan txukuna egin dute. Horrez gain, aktore ia guztien lana ere nabarmenduko nuke. Beharbada, 70 minutuko atalak luzeegiak iruditu zaizkit; izan ere, istorioak motel egiten du aurrera, eta batzuetan erritmo falta dago. Laburbilduz, Netflixen ikusgai dauden beste telesailen aurrekontuekin alderatuta, O sabor das margaridas-ek meritu ikaragarria duela esango nuke.

Galiziako telebista publikoan (TVG) ere eman dute aurretik, 2018an. Netflixek ikusle datuak argitaratzen ez dituenez, ezin da jakin audientzia datu berdinak eskuratu dituen ala ez. Dena den, Galiziako lagun bati galdetu diot telesailari buruz. Dioenez, O sabor das margaridas nekez identifika daiteke Galiziarekin, apenas dagoelako lurraldearen ezaugarririk. Miguel Conde zinemagile galiziarrak zuzendu du telesaila. Ekoizpena Galiziako telebista publikoak, Comarex eta CTV produkzio etxeek egin dute. Aktoreen artean, bada galiziar aurpegi ezagunik: Nerea Barros. La isla minima (2014) filmagatik Goya sari bat eskuratu zuen, hain zuzen ere. Nire lagunak dio berri oso ona dela Netflixen moduko plataforma batean galizieraz egindako produktuak izatea, baina bi ahoko ezpata izan liteke. «Netflix ez da produktuak zaintzen dituen VoD boutique bat, bereziki». Gainera, uste du Netflixek gehiago inbertitu beharko lukeela hizkuntza gutxituetan.

Telesailaren ekoizleek bigarren denboraldia egin nahi dutela adierazi dute. Baina nola hasi dezakete telesail bat bigarren denboraldirik egongo dela jakin gabe? Ziur aski, Netflixi ez dio ardura. Beraz, norberak zaindu beharko du maite duen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.