Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Audimetro bat izan genuenekoa (II)

2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Aurreko astekoa laburbilduz: bosteko familia bati jarri beharreko audimetroa jarri ziguten Bilboko ikasle pisu batean. Horretarako, familiako rol ezberdinak banatu genituen gure artean. Guztia, audimetroa etxean izateak eskaintzen zituen puntuekin dardo diana bat eskuratzeko asmoz.

Audimetro banaketa horrek audientziaren neurketa sistemaren inguruko zalantza ugari sortu bazizkidan ere, ez ziren ezer sei hilabeteetan zehar trastea etxean izanda eman genion erabilpenaren harira sortu zitzaizkidanekin alderatuta. Asko ez luzatzearren, adibide xume batzuk eskainiko dizkizuet, baina lehenbizi, audimetroak nola funtzionatzen duen azaldu nahiko nizueke: audimetroak bere mandoa du. Mando horretan etxeko pertsona bakoitzak bere profilarekin lotuta dagoen erabiltzaile botoi bat du. Telebista piztuta dagoen bakoitzean, ikusten nor ari den zehaztu behar duzu. Etxekoa ez den norbait balego telebistari begira, gonbidatuak sortu eta horien adin eta sexua zehaztu behar da.

Banoa adibideekin: ostegunetan, adibidez, parrandatik bueltan (oso ikasle bizitza egiten genuen guk), ohikoa zen etxera iritsi, telebista piztu, TeleBilbao edo Localiako pornoa jarri eta beste pisukide baten profila jarrita utzi ondoren, ohera joatea. Txantxa horrek bere mendeku errenkada amaigabea zuen, eta pornorako bezalaxe, Maria Teresa Camposen magazinerako balio zuen (nahiko pornografikoa zen hura ere). Horretaz gain, gogoan dut anekdota bat: garai hartan, Tele5 Alias telesaila ematen ari zen igandeetan. Asko zaletu nintzen, eta, hain justu, Rambaldiren egunkaria topatu zutenean, telesaila kentzeko zorian zeudela irakurri nuen. Behingoz halako zerbaiti aurka egiteko boterea sentitu, eta Alias ikusten nuen bakoitzean hamabost gonbidatu jartzen nituen telesaila ikusten (ezin ziren gehiago jarri).

Hori esperientzia pertsonal bat besterik ez da. Baina ez ditut gehiago ezagutzen. Sistema, berez, fidagarria da, eta ez ditut zalantza gehiegi eskaintzen dituzten datuen inguruan. Hala ere, kontatutako guztia ere egia da, eta halakoak izango dira gehiago. Orain gogoratzen dudala, konfidentzialtasun klausula bat ere sinatu genuelakoan naiz... Tira, preskribatua egongo da. Eta zalantzarekin geratu bazarete, Alias kendu egin zuten, eta ez, ez genuen dardo diana lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.