Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Heroiak

2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Kritikari izatera jolasten garenean, gogorregiak gara tarteka. Eta hala denean, komeni da aitortzea. Izatez, telebista publikoaren hutsuneek bai baitute alde on nabarmen bat gutxienez. Kontuan hartzekoa dena, eskertzekoa ez bada: gabeziak eta biktimak han hemen ikustean, beti ernatzen zaio heroitasunerako grina ameslari optimistaren bati. Horri esker —erakundeek baztertutako errefuxiatuei gaztetxeetan harrera egin dieten bezala—, agertzen dira aleka-aleka guztion telebistaren zuloak nola edo hala estaltzeko bokazioa duten egitasmoak. Eta haietako bakoitzaren atzean, bada heroi saldo bana. Badira baliabide falta ahaleginarekin ordezkatuz irauten dutenak beti behar baino txikiagoak diren telebistetan: Hamaika, Kanaldude... Badira, baita ere, ikus-entzunezkoen aldeko gurutzada idatzizko hedabideetatik abiatzen dutenak; klase guztietako barne eta kanpo oztopoen kontra. Eta azkenik, heroikoetan heroikoenak: sareko ikus-entzunezkoen mundu labainkor bezain estrategikoa osatzen duten norbanako eta talde gutxi-asko antolatuak. Nahiz eta laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ia ez duten —ba al da hau bezain sektore azpi-finantzaturik?—, nahiz eta baliabide eta denbora faltak emaitza kaskartuko duela jakin, abentura babesgabeari ilusioz ekiten diotenak. Kausa handi baten alde izerditzea merezi duela badakienak nola.

Heroiaren lana neketsua da ordea, eta asko dira bidean galdu direnak: Beranduegi, Busti, Deus ez da perfektua... Baina oraindik ere agorrezina da hutsunea osatu nahi horren iturria, eta badira berri samarrak diren proiektu batzuk ere. Hiru bai, gutxienez—poztekoa litzake mordoxka bat ahaztea—: zuzeneko emanaldi eta guzti, umoretik aritzen den Barrexerka talde gazte bezain zabala; Imanol Epelde polifazetikoaren youtubertasun estreinatu berria; eta Booktegik bultzatuta, gaur bertan abiatu den Elkarrizkatea literatur saioa.

Ongi etorriak bitez denak. Akaso taxuzko kritikari bati galdetu behar genioke ea youtuberrak, sarerako egindako saioak eta antzekoak telebista gisa har daitezkeen edo ez. Baina inork kontrakorik frogatu ezean —eta aizu, frogatuz gero ere bai—, tokia egingo diegu lerrootan udazkenarekin esnatu diren heroi guztiei. Eta ez hutsuneak betetzeko bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.