gorka julio
IRLEN SAREA

'Podcast'-ak berriro

2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Duela hamalau urte sortu nuen lehen podcast-a. Garai horretan etxetik irratsaio moduko bat egin, eta harpidetzeko aukera ematea zegoenik zaila zirudien. Garairako balentria zena, orain ohiko izan beharko luke. Beste hizkuntzatako batzuetan horrela bada ere, gurean ez da hainbeste, baina badira optimista izateko arrazoiak.

Podcast-ak jario bidez harpidetzeko aukera ematen duten, sarean eta deskargatzeko aukerari esker noiznahi entzuteko aukera ematen duten audio programak dira. Ez diote zertan irrati formatuari erantzuten eta iraupen ezberdinekoak izan daitezke, baina maiztasun bat izan behar dute, jarraikortasuna baita podcast-aren ezaugarrietako bat. iVoox.com, iTunes, Spotify edo Google Podcasts aplikazioen bidez horrelako asko topatuko dituzue.

Gurean gutxi dira euskaraz egiten direnak. Albiste ona da, halere, eszena mugitzen hasia dela. Puntueus elkarteak Sarean egiten du Euskadi Irratiaren kolaborazioaz, Etzi.pm-k Gramofonoa eta Zuzeu orainkari digitalak Biparetan, Barruan gaude eta 10 minututan estreinatu berri ditu.

Podcast-ak biltzeko eta kontsumitzeko tresnak gutxi dira, baina zortez bi behintzat badaude. Podcastak.eus euskaraz egiten diren podcast-ak biltzeko ataria martxan dago. Podcast-ak ezagutu eta horietara harpidetzeko aukera errazteko. Bestetik, Android gailuentzat JarriOn aplikazioaren azken eguneraketak, bideoak ez ezik, podcast-ak eta sareko irratiak entzuteko aukera ere ematen du.

Hala ere, zergatik ez ditugu podcast gehiago sortzen? Benetan erraza da. Ordenagailu eta mikro batekin nahikoa da. Sakelakoa eta Spreaker bezalako aplikazio sinple batekin ere, audioa grabatu eta automatikoki podcast bat sortzeko aukera dago. Arrazoiak anitzak izan badaitezke ere, uste dut erantzun positibo bat ere badagoela horretarako: irrati libreak. Irrati libreek erantzun izan diote podcast-ek beste tokietan hartzen duten rolari gure jendartean. Irrati askok podcast-ak sortzen dituzte, gainera, beren irratsaioekin. Grabatzera baina, jendea bertara joaten da, kolektiboki beren audio ideia jartzera; hori ederra ere bada.

Hego Euskal Herrian egiten diren podcast sortzaileak Euskalpod ekimenean bilduko dira hilaren 13an, Urnietan. Aukera polita gai hauei buruz aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.