Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Denbora kontua

2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Entrega epearen presiopean soilik lan egin dezakeen honen ahotan indar gutxiko aldarria izan daiteke, baina hala da: emaitza ona lortzeko, talentuak bezainbeste eragiten dute baliabideek. Gehiegitan, baliabideetan garrantzitsuena bat eta bakarra da gainera: denbora. Eta dirua, ados; baina dirua izatearen onena horixe delako; ez diozula denbora eskaini beharrik gehiago lortzeari.

Telebistan sarri ikusi ditugun aktoreak zinema lanetan topatzean gertatzen zaiguna gogoratzea aski da aldarrikapena ilustratzeko. Nor ez da harritu Joseba Usabiaga —orain gutxi arte, denontzat Tximista— Handia-ko anaia zaharraren paperean horren sendo ikusita? Edo Itziar Ituño eta Nagore Aranburu Loreak-en? Berdin gertatzen da gidoilari eta abarren lanarekin: emaitza onik ez denborarik gabe.

Are da nabariagoa telebistan ateratzera ohitu gabeko pertsonak aktore lanetan jartzen direnean, denbora faltari talentu falta ere gehitzen baitzaio. Telebistan nahiz dokumentagiltzan, zabaldua bezain arriskutsua den joera da gainera: nabarmen artifizialak diren egoerak inprobisatu gisa aurkeztea. Honezkero ohitu gara kasualitatez kalean aurkezlearekin topo egiten duten gonbidatuetara; baina gidoiaren gainean garatzen den dialogoa luzea eta behartu samarra bada, zaila da ikusleak tontotzat hartu dutela ez sentitzea. Zer esanik ez telebista saio baterako bada eta behar adina errepikapen egiteko denborarik apenas badago.

Txanponaren beste aldean—edo poltsikoko ordulariarenean— badira denbora eta diru asko izan bai baina desastrea irudikatzera bideratzen dutenak. Gero eta arrakastatsuagoa den #0 etxeko La Resistencialate-late show-a da adibide onentsuena. Galdera koherenterik gabeko elkarrizketa surrealistak, publikoaren interakzio surrealista irekiak eta saioko kideen arteko eztabaidak uztartzen ditu saioak. Bada, zuzeneko kaos neurtu horren atzean bost gidoilariren eta koordinatzaile baten lana dago.

Luze hitz egin daiteke gaizki—ondo ere bai —David Broncano aurkezleaz, saioaz eta bere ibilbideko irristaldiez, Baina badu meritua desastre neurtuaren anbiguotasun horretatik ikuslea engainatu ez ezik, estilo propio eta bereizgarri bat sortzeak. Beste batzuei, kontrara, berehala antzematen zaigu noiz gauden ideia eta denborarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.