Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Herri txiki, arnasgune handi

2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Zubia egin duten Euskal Herriko lagunak etorri zaizkit bisitan Glasgowra. Bakoitzaren ingurukoak elkarri eguneratzeko aprobetxatzen ari gara, eta solasaldi luzeak izan ditugu etxean. Eskoziako tabernetako giroa aparta den arren, udazkeneko eguraldiak ez du laguntzen kalera irteteko —15:30ean ilunetan gaude, eta euriak ez du tregoarik ematen—. Espero zitekeen bezala, telebistaren hutsunea sumatu dute etxean. Ez duzue telebistarik? Ba, ez. Orduan, begien aurreko aukera paregabeaz ohartu, eta galdetu diet bi lagunei: zer ikusten duzue zuek telebistan? Maltzurki ere galdetu dut: ETBn?

«Nik ez dut ETB askorik ikusten», esan du batak; «ezta nik ere», erantsi besteak. A, ez? Zergatik? «Zer dago ETBn, ba? Nire adineko (41) norbaitek ikusi nahiko lukeen programarik ez dago». Berehala erantsi du besteak (29): «Zergatik ez dute landa-azterketarik egiten jakiteko euskaldunok zer ikusi nahi dugun? Ni, zehazki, ETBren bikoizketa politikarekin erreta nago; azpidatziak erabili beharko lituzkete beti». «Egongo da horrelako azterketarik, aizu!». «Eta non daude emaitza horiek?», itaundu du.

Tentsio unea apurtu behar nuela iruditu zait, eta ikusten duten horretatik zer azpimarratuko luketen galdetu diet. Biak bat etorri dira horretan: «Herri txiki» (infernu handi). Bost denboraldi eta 100 atalen ostean, ETB1eko saioaren izenburua bere egin duten seinale. Ikusteko arrazoien artean, berriz, politikaz, kirolaz edota ekonomiaz ez dela hitz egiten. «Eta telebistan lekurik izan ohi ez duen jende arrunta ordezkatzen dutela. Ni bezalako pertsonak, alegia; aparteko ikasketarik eta kargu berezirik gabe». Besteak zerbait erantsi nahi izan du: «Entretenimenduzko saio gehiago egon beharko lirateke euskarazko katean; ETB2ren aldean, ematen du euskarak ez duela askorako balio».

Ziurrenik, Mikel Pagadiren eta Zuhaitz Gurrutxagaren saioa sare sozialetan oihartzuna duen euskarazko programa bakanetakoa da —Ur handitan-ekin batera, akaso—. Zenbakiek diotenez, ETB1eko saiorik arrakastatsuenetakoa da; 2017-2018 denboraldian %14,3ko ikusle kuota izan zuen euskaldunen artean; 2014-2015 denboraldiarekin alderatuta, ia bi aldiz handiagoa (%7,6). Argi dago: gure herri txikiak euskarazko telebistako arnasgune handi bilakatu dituzte Gurrutxagak eta Pagadik. Bejondeizuela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.