Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Entretenimendu ia perfektua

2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Aste honetan, futbolzaleok egun apartak izan ditugu kirol entretenimenduaz gozatzeko. Txapeldunen Ligako final laurdenetako kanporaketa batzuk erabaki dira, baina ez edonola. Inork aurreikusiko ez zuen emaitza bat izan da Real Madril-Ajax eta Paris Saint-Germain (PSG)-Manchester United partidetan. Real Madrilek eta PSGek nahiko ondo zuten bideratuta kanporaketa; izan ere, joanekoan 3-0 eta 2-0 irabazi zuten, hurrenez hurren. Harrigarria bada ere, Manchester United eta Ajax taldeek egin dute aurrera lehian.

Sekulako gol festa eskaini ziguten. Real Madrilen eta Ajaxen arteko partida bigarren zatian harrapatu nuen, afaltzeko konpainia bila. Zutabe honetan aipatu izan dut gustuko dudala Espainiako taldea galtzen ikustea, eta seguru nago ez naizela bakarra. Baina txantxak alde batera utzita, egia da Cristiano Ronaldok alde egin zuenetik taldeak inoiz baino krisi handiagoa bizi duela. Halere, ez nuen espero ordenagailuko pantailaren aurrean ikusi nuen emaitza: 0-3. Santiago Bernabeun. Irri maltzurra egin nuen berehala. Horrekin batera, gogoratu nuen Sergio Ramos Real Madrileko jokalariak bigarren txartel horia behartu zuela joaneko 89. minutuan —eta horregatik ez zela zelaian—. Nonbait, Ajax erraz gaindituko zuten, eta Txapeldunen Ligako finala lasai jokatu nahi zuen hark. Usteak erdi ustel. Zuzenean, Ronaldoren aurpegia etorri zitzaidan burura. Eta segidan, bigarren irri maltzurra. 70. minutuan, Real Madrilen lehen gola iritsi zen. Errazago jarri zitzaien kanporaketa, baina bi minutu beranduago Herbehereetakoek laugarrena eskuratu zuten. «Unbelievable!» (harrigarria) esan zuen komentaristak.

Harrigarria izan zen, bestalde, PSG-Manchester United partidaren emaitza: 1-3. Joanekoan 2-0 galdu zuen Erresuma Batuko taldeak, eta konfiantza gutxi zegoen Ole Gunnar Solskjærrek gidatzen duen taldean. Gainera, hamar jokalari nagusi min hartuta zeuden. 90. minutura arte, Manchester Unitedek bi gol sartu zituen, eta PSGek, berriz, bakarra. Baina zer den futbola: bideo epaile laguntzaileaz, deabru gorrien aldeko penaltia iritsi zen. Presioari eutsiz, Marcus Rashford gazteak ez zuen huts egin; Frantziako taldearen 1.149 milioi euroko proiektu handizalea zapuztuz. Kirolaren inguruko diru kontu zikinengatik ez balitz, entretenimendu ia perfektua litzateke futbola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.