Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Korrikaren aitzakian

2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Gauza asko da Korrika. Herri baten antolatzeko gaitasunaren erakustaldia; euskalgintzaren erronkei tenperatura hartzeko termometroa; finantzaketa iturria; aldarrikapen garaia; askok urte osoan gustura egiten duten kirol saio bakarra; ospatzeko tartea... Eta baita hainbat euskal hedabide elkarlanean jartzeko aitzakia ere. Ez bakarrik hango eta hemengo hedabide «pribatu» edo herritarrak —elkartzen dira tarteka, bestela ere, Zinemaldiaren edo Gure Esku-ren deialdien berri modu zabalean emateko—, baita, haiekin batera, ETB ere. Korrikaren hasiera telebistaz, irratiz eta Internetez emateko, hainbat profesional eta hedabide ariko dira elkarlanean, eta amaieran ere berdin egingo dute.

Ez da erraza elkarlana: eguneroko erritmoari eusten nahikoa lan baduten hedabideek bildu eta antolatzeko denbora hartzea; ezaugarri hain desberdinetako proiektuak ados jartzea... Baina ikuslearen begietatik, ahalegina eskertzekoa da oso. Bestela ia-ezinezkoak liratekeen lanak—berdin gertatzen da Zurriolako butaka saioarekin— baliabideak konpartituta soilik baitira egingarri. Sinergia hori aldian aldiko ekimen berezien jarraipenetan gorpuzten da soilik. Baina optimista jarrita, ondorioak joan daitezke harago ere: izan daitezke ETB —ETB1 nagusiki, baina ez soilik— eta gainontzeko euskarazko hedabideen artekoa harreman jarraituagoa izateko pauso.

Ezinbestekoa behar luke: papereko hedabideek, irratiek zein sarekoek ikus-entzunezko edukia ekoizten dute gaur egun. Nahi luketeen baino gutxiago askok, ahal duten moduan, dituzten baliabide eskasekin. Telebista saioetan ere tokia —aurkezle, hizlari, gonbidatu...— izan lezaketen hainbat kazetari dituzte. Bien bitartean, baliabideak izan bai baina maiz ideia freskoak falta zaizkiola dirudien ETB bat dugu, formatu antzekoak errepikatzen dituena, euskaldunen artean ere erreferentziazkoa izateko zailtasunak dituena.

Euskarazko komunikabideetan lanerako gogoa eta esateko/egiteko asko duten profesionalak badira, eta ETBk hori gehiago baliatu beharko luke. ETBk ikus-entzunezko edukia sortzeko inork baino baliabide gehiago ditu. Baliabide horiek, formula aproposak bilatuta, egon beharko lirateke gainontzeko komunikabideek ikus-entzunezkoak ekoizteko egiten duten ahaleginaren zerbitzura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.