Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Motibo bila

2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Jakingo ez duzu ba. Tarteka Aralarreko kobazulo batera betiko erretiratzeko desira ezkutuak hartzen bazaitu ere, zu ere bizi zara konektatuta. Urtero egiten duzu mehatxu —edo promesa da?— biak uztearekin, baina Twitterren eta Facebooken zaude oraindik. Zu ere jaisten zara tabernara igande arratsaldean kuadrillakoekin ezer berezirik egin gabe pasatzeko. Han zain dituzun lagunek ez dute aspaldian beste ezertaz hitz egiten. Are, zure baimenik batere gabe, memez eta iruzkin ingeniosoz bete asmo duten Whatsapp talde batean sartu zaituzte. Bai, Game of Thrones-en denboraldi berria hasi da. Eta zer?

Zu pertsona autonomoa zara, independentea, korronteari jarraitzen ez dion arraina. Zer diot arraina, espezie katalogaezina zara zu; ez duena bere bizitzako ordu bat oparitzeko asmorik HBOko CEOek marketin estrategia diseinatu zutenean zu eta zutarrak harrapatzeko pausoekin asmatu zutelako. Lost ez ikustea lortu zenuen. Ez duzu erosi Berri Txarraken azken kontzertuetara joateko sarrerarik. Zirrara kolektiboa baino gehiago behar da zugan eragiteko. Betiko fantasia bera da, gainera, bere dragoi —originala, ezta?— eta guzti. Ez al da nahikoa istorio mundu honetan bestelakoak irudikatu behar izateko? Zenbat iluminatu ote dabil Euskal Herrian barna, King´s Landing mapa (asmatu) batean kokatzeko gai, Donapaleu herri bat edo txirrindulari belgikar bat den bereizten ere jakin gabe?

Aitortzen duzu, konplexurik gabe, hasieran bazuela irrika pizten zizun zera fresko bat; originala zela, atsegina. Baina arrakastak freskotasuna itotzen du beti. Txikle bat bezala luzatu dute —eta hala segituko dute non eta ez dion errentagarria izateari uzten—, istorioak eskatzen duenaz ahaztuta, bukaera jakin nahi duena itxaronaldi etengabera behartuz. Zure denborak baliorik ez balu bezala.

Zuk ere ikusi duzu Gaztelugatxe nola dagoen orain; nola bihurtu den peregrinazio gune. Auzo-lotsa eta amorrua eragiten dizkizu; ez dakizu esaten gehiago zer. Ez duzu izan nahi horren guztiaren isilpeko konplize. Horregatik erabaki duzu —harro gainera— atera berri duten atala, oraingoz, ez ikustea. Horregatik, eta bi ordu baino gutxiago dituzulako, urtebetez espero izan duzun atal berria aitzakia hartuta, original samarra izan behar lukeen zutabe bat idazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.