Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ateak biraltasunari

2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Zaila da esatea, hemen eta orain, gure belaunaldia zein den. Zein den nirea, zein zurea. Millennial hitza esaten ikasi dugu, baina ez dakigu non hasi eta non bukatzen den. Telebistan bilatu dugu askotan gazte (eta ez hain gazte) tropelak multzokatzeko formula: Super Bat belaunaldia, Betizu belaunaldia. Eta telebista ikusten dutenei (eta ez dutenei) erreparatzea bereizketa egiteko aitzakia da orain ere. Nerabeetatik hasi eta gazte-helduetaraino (15-35) doan belaunaldiak —edo belaunaldiek— ez dugu telebista ohiko bideetatik ikusten. Belaunaldi ikusezina gara: ikusleak neurtzeko bide tradizionalak ez ditu gure joerak ondo jasotzen. Baina ikusi bai, ikusten dugu telebista: Youtuben, sare sozialetan, ordainpeko plataformetan, edo, asko jota, Nahieran eta gisako atarien bidez.

Bien bitartean, saio baten arrakastaren neurgailu nagusia ohiko ikusle datuak dira; eta diru iturriak, zenbaki horien araberakoak. Normala denez, telebista gehienek euren edukiak haurrei edo adinekoei bideratzea erabaki dute. ETBk, ordea, hiztun komunitate oso bati edukiak eskaintzeko ardura du, eta ezin du hala nola belaunaldi oso bat alboratu. Eta zorionez, ez du alboratu guztiz: Autentikoak, Gutuberrak, Gure kasa... Arrakasta gehiago edo gutxiagorekin, ari dira, oraindik ere, saiakera egiten.

Tamalez, saiakera hori ez da nahikoa beste bi neurrik laguntzen ez badute. Hasteko, arrakasta neurtzeko irizpideak aldatu behar dira: ikusle datu tradizionalak ahaztu, eta bestelakoak hartu kontuan: Nahieran-en zenbat bider ikusi diren, sare sozialetan zenbateko oihartzuna izan duten... Eta zailagoa dena: ETBren webgunera doazen estekekin ez da nahikoa; ahal beste bidetatik zabaldu behar da edukia. Facebook, Twitter, Youtube eta abarretan libre eskaini.

Jakina da zergatik ez den egiten. ETBk diru sarrerak behar ditu, eta webgune propioko ikustaldiek badakartzate batzuk, besterik ez bada, publizitateari esker. Facebook eta Twitterrekoek, ez. Baina belaunaldi ikusezinak zer ikusia izatea dago jokoan: gure hizkuntza ohiturak, erreferenteak eta hizketa gaiak. Telebista publiko batek ezin dizkio, diru sarreren izenean, ateak itxi biraltasunari. Kontuak kuadratzeko ahal duena egiten du ETBk. Diru hori erabiltzeko irizpideak markatzen dituen Eusko Jaurlaritzarena da erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.