Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Gutxienez

2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Akabo. Game of Thrones-en azken atala sarean da jada zu hau irakurtzen ari zarenerako. Ikusi ere egingo zenuen, agian, eta sentsazio arraro batekin zaude orain, prozesatzeke. Ulertzekoa da. Ia hamarkada bat eta 71 kapitulutan zehar, zientoka heriotza, espero gabeko bira, emozio eta dezepzio utzi ditu atzean. Denera hedatu da telesailaren oihartzuna: kaleko merkatuetako kamisetetara, esloganetara, hauteskunde kanpainako bideoetara. Kirol emankizunak ere GoT-eko argotarekin iruzkinduko ditugu laster.

Baina bukatu da fikzioa eta eztabaidaren txanda da orain: ea hala bukatu behar zuen edo ez, ea spin-off-ak egiteak zentzurik baduen, ez ote den azken denboraldia espero baino makalagoa izan... Ez hori bakarrik. Fenomeno global bilakatu den beste edozein lanek bezala, Game Of Thrones-ek berdin balio du beste edozein eztabaida —zaharrak eta berriagoak— berriz hartzeko ere.

Urtzi Urrutikoetxeak BERRIAn bertan ireki du haietako bat, ez arrazoirik gabe. Dioenez, mundu osoan eta makina bat hizkuntzatan jarraitu ahal izan den kapitulua ezin izan dugu euskaraz ikusi. Gaztelaniara, frantsesera edo ingelesera jo behar izan dugu, ezinbestean. Bi edo hiru pauso atzetik dabil euskara horretan, eta euskal bikoizleen egoera ezagututa, ez dirudi distantzia hori laburtzeko bidean denik.

Eta, hala ere, euskaraz iruzkindu(ko) dugu telesaila: Twitterren, tabernan, BERRIAn. Hala egin behar ez denik esan gabe, zalantza erein du Urrutikoetxeak bere artikuluan: mundu zabaleko egunkari handiek ez omen dute ematen haien hitzkuntzan argitaratzen ez denaren berri. Ezin ados egon zeharkako baieztapen horrekin.

Gauza bat da Madrili edo Parisi begira ebaztea zer den albiste eta zer ez. Beste bat da, ordea, bizkarra ematea mundu zabalean hizketagai den fikziozko lanari. Posible da beste alde batera begiratzea XXI. mende hasierako istoriorik ikusiena eta iruzkinduena garatzen den bitartean?

Penatzekoa bada, —baden bezala— atala euskaraz ikusi ezin ahal izatea, izan dezagula aukera, gutxien-gutxienez, euskaraz txalotu eta kritikatzeko. Idazteko, irakurtzeko. Nahi edo ahal dugun plaza eta formatu guztietan. Horrek —eta ez isiltasunak— salatzen du azpitituluetan eta bikoizketan baliabideak jarri behar dituztenen akatsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.