Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ikasi egiten da

2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gustuko telesaila amaitzen denean ezkutuko zirrikituren batean dugun gidoilaria pizten (eta puzten) zaigu gehienoi. Denok ditugu, mihi-puntan, eman diotena baina bukaera borobilagoak. Edo antzeman ditugun hutsuneekin osatu dugun zerrenda ia amaigabea. Gu ez baikara edonor: zientoka fikziozko lan ikusi eta aztertu ditugu.

Baina telesail asko ikusi dituena telesail on bat sortzeko gai izango dela pentsatzea okerra bezain absurdoa da. Plater asko dastatu dituena sukaldari fina izango dela jakintzat ematea beste. Laguntzen du, bai. Baina salbuespenak salbuespen, ez da nahikoa. Are gutxiago, gidoi horiek aktoreek, zuzendariak eta ekoizleek interpretatu beharko badituzte. Eta normalean taldean idazten direla jakinda; ezin fin aritu beste profesional batzuekin lanean, aurrez argot bat, tresna batzuk, analisirako kode batzuk konpartitu gabe. Telesailak —telebista saioak, esketxak... — idatzi egiten dira. Eta ikasi egin behar da horiek ondo idazten. Eginaren eginaz eta aurrez egin dutenengandik ikasiz.

Bazterrotan mesfidati begiratzen diogu —bertso eskolei ez bezala— idazteko gaitasuna trebatzeko formakuntza orori. Hitzak erabiltzeko talentuak begien kolorea bezain berezkoa behar bailukeen. Garapen autodidakta onartuz, gehienez ere. Gidoigintza ez da salbuespena: ikus-entzunezko graduetan apenas eskaintzen zaio ikasgairik. Graduondo edo gisako batekin espezializatzeko aukera ere ez dago. Horretan interesik duenak beste herrialde batzuetara —eta beste hizkuntza batzuetara— joan behar du bila.

Eskerrak baliabide gutxiago baina konbikzio sendoagoak dituzten eragileak egon badauden. Azpeitiko Dinamoa sormen gunean datorren ikasturterako proposatu duten ikastaroa da horren adibide: Hitzaren Eskola. 12-15 laguneko taldea osatuko dute, eta hitza hainbat diziplinatan landu duten sei profesional izango dira haien irakasle: Lorea Agirre, Irene Arrarats, Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Igor Elortza eta Miren Gaztañaga. Astero bost ordu izango dira, sei hilabetez: irail hasieratik, martxo amaiera arte.

Teoria ikasteak, probatzeak, beste batzuk entzuteak ez du inor ona izango denik bermatzen. Baina horretan trebatzeko espazioak eskainiz gero, telesail eta saio hobeak izango ditugu. Baita idazleak eta antzerkigileak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.