Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Traola

2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Euskarazko Wikipediaren arabera, zenbaki markatzat hartzen den # ikurraren euskal izena da traola. «Forma bera duen arrantza tresnatik datorkio izena». Hitz bera ematen zaio ikur hori hartzen duen metadatuen etiketari ere. Hitz bitan, ingelesezko hashtag-a. Twitter sare sozialean, esaterako, gaiak, lekuak, komentarioak... etiketatzeko jartzen da traola, karaktere segidaren hasieran: #BERRIA, adibidez. Hala, klik eginez, traol hori duten mezuak berreskuratu daitezke. Normalean, gai zehatzak aurkitzeko erabiltzen da. Eta zer motatako informazioa eman dezake traol batek telebistako saio bati buruz?

Astearte gauean —nahiz eta orain 23:00etan iluntzen duen Eskozian—, Erresuma Batuko lehen ministro izateko hautagaien zuzeneko eztabaida jarraitu nuen BBCn. Gaiak interes handia du barrura zein kanpora begira; izan ere, alderdi kontserbadoreko boto gehien lortzen duen hautagaiaren profilak markatuko du brexit-aren norabidea. Eta herrialdean bizi garen europarrok, besteak beste, jakin nahi dugu —behingoz— zein izango den gure egoera.

Emakumezko hautagaien faltan, aurkezle lanetan emakume bat jarri zuten. Emily Maitlis kazetariak gidatu zuen programa. Eztabaida nahiko aspergarria iruditu bazitzaidan ere, formatuak atentzioa eman zidan. Hautagaiak platoaren erdian jarri zituzten, eta kazetaria albo batean. Galderak, berriz, Erresuma Batuko hainbat puntutatik egin zituzten herritarrek, zuzeneko konexio bidez. Esango nuke, denbora oso neurtua duen telebista saio baterako, tresna egokia dela azken hori. Gonbidatuak platotik kanpo izanik, errazagoa baita egoera kontrolatzea aurkezlearentzat. Baina distantziak politikarien alde jokatzen du, guztiek baliatu zutelako hutsune fisikoa hala moduz erantzuteko.

BBCk pantailaren goialdean jarri zuen saioari lotutako traola: #OurNextPrimeMinister. Twitterren klik egiten baduzue, irakurriko duzue Maitlis ezaguna dela europazalea izateagatik. Beraz, komentarioak daude haren aurka. Saioaren formatua ere kritikatu dute batzuek. Eta, oro har, politikarien gaineko memeak dira zabalduenak. Informazio interesgarria eman dezake traolak, baina telebista saio baten azterketa egiteko tresna osagarriak baliatu beharko lirateke. Denbora zehatz eta espazio oso aldakorrean hartutako banakako adierazpena baita traola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.