Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Onurak eta arriskuak

2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Pasa den asteartean hasi zuen Baleuko ekoiztetxearen (bai, beste behin) Ur handitan saioak denboraldi berria. Azken denboraldietan ikusleen mirespen eta txaloak jaso dituen saioa da eta lore horien aurrean kikildu beharrean, lehen saioa ikusi ondoren, aurrera urrats bat ematea erabaki dutelakoan naiz. Nahieran ikusi behar izan dut. Nahiz eta webgunean sufritu behar izan dudan beste behin, merezi izan du. Eta ez da gutxi esatea. Gezurra dirudi, hainbeste urteren eta jasotako kexa guztien ostean, ikaragarrizko jokoa eman dezakeen webgune hori oraindik mende honetara ekarri ez izana.

Ia zuzenean Kataluniako proces-aren sententziaren inguruan egindako saioa denboraldi berria izango denaren asmo adierazpen bat iruditu zait. Arrakastan itota geratu beharrean, aurrera egitea erabaki du Ur handitan-ek eta bidegurutze horretan hartutako norabidea Salvados saio espainiar arrakastatsuaren eredua izan da, nire ustez. Horrek bere gauza onak ditu, baina baita bere arriskuak ere.

Errealizazio aldetik nabarmena da gaur egun arte Jordi Evolek gidatutako saioaren erreferentzia Ur handitan berrian. Plano zainduak, kontenplazio sentsazioa sortzen duen errealizazioa, une garrantzitsu bat bizitzen ari zaren sentsazioa ematen duen kamera mugimendua eta bereziki, aurkezlea zentroan, beti, gehiegi. Horiek dira halako erreferente batekin lan egitearen onurak eta arriskuak. Usoa Garinek zuzendutako taldeak lan bikaina egin du errealizazio aldetik, eta asko gozatu dut saioa ikusten. Aipatuko nuke baita ere aurreko denboraldietatik errepikatzen den zerbait: musikaren aukeraketa. Ez dakit nor dabilen lan horretan, baina gustura hartuko nuke garagardo bat berarekin.

Hala ere, Salvados eredu izateak badu bere arriskua ere. Saio osoan zehar Xabier Madariaga bilakatzen da saioaren zentroa eta ondorioz, baita azaldu nahi diguten gaiaren galbahe eta epailea ere. Behin paper hori hartuta, zaila da distantzia hartzea eta hor izango du erronka nagusia bilbotarrak denboraldi berrian. Lehen saioan bere lekua ondo mantendu du, eta ez dut uste eztabaida edo gaia gehiegi baldintzatu dituenik. Hala ere, jokaldi arriskutsua da eta kontuz ibili beharko da muga hori igaro nahi ez badu. Ea gai diren Salvados-en gauza onak mantendu eta haien bekatuetan ez erortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.