Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Entzuteko herrialdea

2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Duela ez gehiegi La2 kateko La hora musa saioaz aritu nintzen hemen bertan, eta ez nintzen bakarra izan. Miren Maniasek ere nabarmendu zuen. Nahiko ados izan ginen biok gaur egun musikak telebistan duen presentzia eskasaz kexatzean. Badirudi, ordea, La2 oasi moduko bat bilakatzen ari dela musikarik gabeko basamortu katodikoan, eta Urtezahar gauean Cachitos de Nochevieja saioarekin audientzia borroka guztiak irabazi ostean, Un país para escucharlo saioari heldu diot berriz ere.

Saio hori aipatzen zidan ostiralean Mirenek, bere Ekografia-n, El conquis-en gisako saio bat eginez galdu dezakegun guztiaren adibide. Ez dakit, ordea, Karibeko telerrealitate saioa egiten jarraituta ere, halako saio bat egiteko gai ez ote garen. Garestiagoa al litzateke Vascos por el mundo baino?

Un país para escucharlo saio borobila da. Gozada hutsa, Mirenek ondo aipatzen zuen moduan, eta halako gustuz egina dago, bere bekatuak ere barkatzen dizkiozula saioaz gozatzen ari zaren bitartean. Eta zeintzuk dira? Edo gureak, hobe esan. Duela gutxi, gure burua irudikatu eta kontatzearen garrantziaz hitz egin nizuen, eta gaurkoan ere kontu horri heldu beharrean naiz.

Nafarroari eta Errioxari pasa den astean eskainitako atalak animatu gaitu Miren eta biok saioaz aritzera, baina, 2019ko martxoaren 26an, Bilbori eta Gasteizi eskainitako saio bat ere izan zen. Saio hartan, El Drogasen lana Fitok bete zuen, eta, saioan zehar ikusi ahal izan genituen musikarien artetik, Gatibu bakarrik aritu zen euskaraz kantuan. Euskal Herriko musika eszena gutxi gorabehera ezagutzen duen edonori nahiko arraroa egingo zaio saioak egindako aukeraketa, eta bat baino gehiago ederki haserretu zen. Hala ere, ulertu behar dugu saio hura Espainiatik eta Espainiara begira egin zela, eta lehen nioen moduan, errua, beraiena baino, gurea dela. Telebista espainiarrak bere Bilbo eta bere Gasteiz erakutsiko ditu. Nafarroa Errioxarekin elkartuko du, Nafarroa Beherarekin elkartu beharrean. Eta Donostiari heltzen dionean... Ai ama Donostiari heltzen dionean. Ea Mikel Erentxunen eskutik Easo zaharreko musikan murgildu aurretik, eskualdez eskualde, gustu berdinarekin, baina gure ahotsarekin kontatutako Entzuteko herrialdeaz gozatzen hasiak garen. Bada lehengaia, sobran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.