Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Arazo publikoa

2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Azkarrak dira agenda mediatikoaren denborak. Azkarregiak.Bai behintzat gaiei behar besteko soseguz eta zorroztasunez heldu nahi bazaie. Ia inor ez zaio gailentzen iraungitze data gero eta goiztiarragoari; ezta eztabaidak eta hitzak ere. Bolada batez, analista eta politikari den-denek ia denerako ahotan hartu ondoren, nor gogoratzen da orain ditxosozko errelatoaz?

Euskal gatazkaren kontakizunaren gatazka hotzak jarraitzen du, hala ere. Tertulietako platoak eta bozeramaileen prentsaurrekoak telesailetako dekoratuekin ordezkatu ditu. Edo ordezkatuko ditu laster. HBO Fernando Aranbururen Patria eleberrian oinarritutako telesaila ari da osatzen, mundu osora zabaltzeko asmoz.Liburua irakurri gabe ere, «euskal gatazkaren eleberri definitiboa» izendatu dutenak nortzuk diren ikustea nahikoa da zertarako erabili nahi den ulertzeko. Garai bertsuan, Movistar +ek ETAren «lehen ekintza odoltsua» kontatuko du La línea invisible ekoizpenean. Sei ataleko telesaila izango da, eta Mariano Barrosok zuzenduko du.

HBO zein Movistar+ etxe handiak dira, baina pentsa liteke telesail horiek ez dituztela aurrez konbentzituak besterik konbentzituko. Eta egia da: bestelako ikuspegiak fikzioan islaturik baleude, ez lirateke, ziur asko, gehiegi larritzeko motibo. Baina telesailen garaiotan eta ETBk gaiari helduko dion lanik ekoizteko asmorik ez duen artean, ez ote dira tresna definitiboa izango errelatoaren tirabira aurrez ere desorekatua are gehiago desorekatzeko?

Euskarazko fikzioaren gabeziak nabarmenak dira bestela ere, baina, euskal gatazkara etorrita, trabak eta arazoak diru falta baino sakonagoak dira puskaz. Pribatuak dira HBO eta Movistar+. Aurreikuspen ekonomikoen arabera erabakitzen dute zer ekoitzi eta zer ez. Baina ETBren azken arduraduna Eusko Legebiltzarra den artean, zuritasunak eta autozentsurak agintzen badu, posible izango da inoiz sortzaile multzo bati baliabideak eskaintzea euskal gatazkaren ertzak zintzotasunez erakutsiko dituen fikzio bat egiteko? Urgentziaz, eta Eusko Legebiltzarretik hasita, hobe genuke ETBri fikzioan lokatzetan sartzea baimenduko dion formula bilatu. Horrela ez bada, eta gai arantzatsu guztietan, Espainiako kate pribatuek erabakiko dute zer eta nola kontatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.