Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Bikingoen historia ikasten

2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Telebista ikusteko modua aldatzen ari da—urteak daramatzagu eraldaketa prozesu horretan, batzuek onartu nahi ez badute ere— eta eredu berrira egokitzeko jokaldi interesgarriak ere izan dira. Horietako bat The History Channel kateak egin zuen, 2013an. Ordura arte, dokumentalak ziren katearen ekoizpen nagusia, baina konturatu ziren bor-bor zeuden garai berrietan, atzean geratzen hasiak zirela. Hori dela, eta apustu interesgarri bat egin eta beraien edukia eta mezua beste modu batera transmititzen saiatu ziren. Garai haietan, telesailen iraultza urte indartsuak bizitzen ari zen, eta kablezko kateak euskarri horretan jarri zuen arreta —lastima: reality-ak modan zeuden, eta telesailena ez zen katearen apustu bakarra izan—.

Gure ohiko ikusleez gain inork ikusiko ez duen beste dokumental bat egin beharrean, zergatik ez dugu hainmodan dagoen telesailen eredua baliatuz historiaren zati bat kontatzen? Dokumental telesail bat egitea izan zitekeen aukeretako bat, baina The History Cannelek fikzioari heldu zion. Hor zegoen berrikuntza. Modu erakargarri batean, helarazi nahi zuten eduki nagusia zabaltzea lortu zuten: historia, alegia.

Dagoeneko bat baino gehiago konturatuko zineten aro aukeratua bikingoen urrezko aroa izan zela eta telesaila, Vikings. Fikzioaren bidez, IX. mende amaieran bikingoek hasi zuten esplorazio eta arpilatze aroa kontatzen zaigu bertan. Aitzakia horrekin, iparraldeko herri haren kultura, sinesmenak eta bizimodua ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Pertsonaia gehienak errealak dira, nahiz eta tranpa txiki batzuk egiten dituzten guztiak elkarrekin jartzeko. Kontaketa ez da erabat erreala, baina telesailarekin hori onartzeko gai bazara, bikingoen inguruan gauza asko ikasteko balio dezake.

Arrakasta itzela izan zuen telesailak lehen denboralditik. Abenduan hasiko da 6.a. Bertan, Ragnar Lothbrok errege bikingotik hasi eta bere semeen abenturekin amaitzen den historia kontatzen zaigu. Badirudi, ordea, telesailak sortutako munduak bizi propioa izango duela: The History Channel utzi, eta Netflixen egingo baitu bide berria. Vikings: Valhalla da jarraipenaren izena, eta Ragnarren semeen kontakizuna amaitu eta ehun urtera eramango gaitu, Leif Ericksson ezagunarekin. Ea orain arteko jarrera dibulgatzaileari eusten dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.