Pastor
DARWIN ETA GU

Nire 'suegro'-a

2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Amaren mutil-laguna, el novio de mi madre, aitaren laguna, aitaren bikote(kide)a, la pareja de mi padre… Gero eta sarriago entzuten ditugu esamolde horiek. Ezkondu gabe harreman sentimental iraunkorrean dauden pertsona jakin batzuk izendatzeko erabiltzen ditugu. Bikote horietako batzuk ez dira berriro ere ezkonduko; besteak, bai. Kasu horretan are zailagoa izan daiteke etxekoen artera sartu den —sartu dizuten— lagunari izen egokia jartzen asmatzea, norberak —izendatzailea eta izendatua— gustura esan edo adituko duena. Aitaren bikotekidea ala amaordea? Amaren laguna, aitaordea? Ez duzu Marierrauskin izan nahi. Marioerrauskin ere ez.

Gizartea eta bikote harremanak aldatzen ari dira. «Nik ez dut umerik, baina senarrak bi alaba ditu eta etxera etortzen direnean nola jantzi esaten diet, ea behingoz ikasten duten», entzun nion, lehengoan, 40 urtez gorako andre bati. Aldaketa soziologikoa agertzen du bikote edo senide berriak izendatzeko erak —ez gara hirukote, laukote edo orfeoi harremanetan sartuko, maitasunaren musikak uste baino boz gehiago izan ditzakeen arren—. Ez da kritikagarria. Bestelakoak dira beste joera batzuk. Adibidez: gero eta gehiagotan entzuten dugu «nire senarraren aita». Ez soilik euskara ikasten ari den eta oraindik kontzeptu edo hitz batzuk bereganatzeko zailtasunak dituen pertsonarengandik. Hain zaila da aitaginarreba esatea? Espainieraz emakume batek normalean ez du «el padre de mi marido» esaten, ezkonduta badago. Euskaraz senarraren aita entzungo duzu. Erdaraz halakoak aditu eta duda egiten dugu, hiztunak lengoaia benetan menderatzen ote duen. Euskaraz ia normaltzat jotzen ditugu. Aitaginarreba desagertzen ari da zenbait euskaldunen ahotik. Are gehiago erraina. Berdin dio pertsona horiek Begoñan bertan ezkondu badira.

Bai, aitaginarreba kontzeptua demodé dago hemengo lagun batzuentzat. Suegro hitza errazago erabiltzen dute, baina. Euskaraz ere bai. Gabezia are nabarmenagoa da familia loturen mataza askatzen hasten bagara. Yerno-a adituko duzu. Su zer? Suhi… suhiltzailea? Garai batean el gendre de Catalunya deitzen zioten Pep Guardiolari. Kataluniako ama guztiek alabarentzat nahi zuten mutila zen, antza. Gurean ez genuke Euskal Herriko suhia izango. Euskal Herriko erraina ere ez, ironiaz edo ironia gabe. Euskal Herriko yerno-a. Euskal Herriko nuera. Edo yerna. Erraina esaten jakin ez, eta nuera ere ez. Erridikulu bikoitza.

Espainieraz hitz arrunt batzuk ezagutzea eta erabiltzea, eta euskaraz ez: diglosiaren ezaugarri. Gure gaitasun linguistikoen eta adierazkortasunaren gainbeheraren isla. Aspaldiko kontua da. Behin, hedabide batean artxibatutako bideoaren titulua irakurri nuen: Gordo-ak. Antzinako futbol partida baten grabazioa zen, gizon lodien eta argalen artekoa. El gordo y el flaco —Stan & Ollie— 2018ko filmaren titulua Gordoa eta flakoa itzultzea besterik ez dugu behar. Lasai, etorri egingo da hori ere; denborari berea eman behar zaio.

Suegro, suegra, yerno, nuera… Eta gero mindu egiten gara, mindu, umeek mamá edo papá esaten badigute. Txurriano atera ote zaigu semea? Maketoa daukat alaba, ala? Bilbo aldeko ikastola bateko ama bati gertatu zitzaion: kanpoan zegoen, ume txikiaren zain. Haurra etorri eta mamá deitu zion. Hori zartada belarrian. «Barrenak irakin zidan mamá entzutean». Baina tira, logikoa da hori pasatzea, haurra familia eta giro erdaldunean bizi bada. Eta ikastolan ere erdara entzuten badie gelakideei. Zu erdaraz bizi zara, edo «nire suegroagordoa da» esaten duzu, eta ama berba entzun nahi diozu, derrigorrean, umeari.

Suegra eta suegro hitzek amaginarreba eta aitaginarreba hil dituzte. Ez ahal gara ama eta aita ere hiltzera helduko! Etorkizunean ez nuke «padre-a gauean etorriko da» entzun nahi. Hala ere, beste erremediorik ez balego, euskara nagusi izango litzatekeen Euskal Herri euskaldun hori nahiago nuke, «mi aita viene esta noche» esango genukeen Erdal Herri erabat erdalduna baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.