Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Nota berriak

2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Autoa martxan jarri dut, eta irratitik kanta baten lehen akordeak heldu zaizkit. Nahikoak izan dira erraz-erraz jakiteko zein pieza den. Ondo pentsatuta, harrigarria da hori, noten segida ia infinitua izan daitekeelako, eta, beraz, konbinazio adina musika pieza sor litezke, batzuk elkarren antz handia izango dutenak. Edonola ere, argi eta garbi antzeman diot lehen unetik beretik, eta ahapetik kantatuz ekin diot bidaiari.

Eten egin da, baina, bat-batean: irrati esatariak kantaren jarioaren gainean hitz egin du Kataluniako preso politikoen sententziaren berri emateko. Eta berriro gertatu da: nahikoa izan dira haren hasierako hiruzpalau hitzak ondoren zer zetorren jakiteko, gehiegi konfunditzeko arriskurik gabe. Eta ahapetik gaitz esaka ekin diot egunari.

Amorragarri, etsigarri, ulergaitz, bai, baina ez harrigarri. Besterik espero ote zuen norbaitek? Ez, behintzat, gure artean (gure hori nahi beste zabaldu edo estutu dezake irakurleak). Ñabardurak ñabardura, izan ere, nahi baino gehiagotan kantatu dugu oraingo musika pieza hau bera paraje honetan, eta ezagunegia egiten zaigu. Konparazio guztiek alderdi ezkutu bat izaten dute, nork bere buruari tranpa egiteko balio duena. Konparazio guztiek, baina, ageriko beste alderdi bat dute alde: esperientziak esaten diguna. Eta jakin badakigu Espainiako batasuna auzitan jartzen denean, antzeko partiturak ateratzen direla oholtzara ia beti.

Bere izatekoari uko egiten dio justiziak, egitateak baino asmoak zigortzen dituenean. 493 orriko sententzia adibidez josita dago, eta honako honek zentzugabekeria horren lagin gisa balio dezake. Gizarte mugimendu baketsuetan urteetako eskarmentua duten Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarti bederatzi urteko espetxe zigorrak ezarri zaizkie; sententziak aitortu egiten du ez zutela biolentziarik erabili, baina errudun dira, antza, beren iritzi eta txioekin poliziak bere lana egin ez zezan xaxatu zizutelako herritarrak. Nota solteak dira horiek, baina tonu berbera du sententzia osoak. Eta guk, gainera, badakigu horrela hasten dela, sinestezina egiten zaiguna sinetsaraziz, eta beraz, hurrengo akordeek lehengo burutik lepoa ekarriko dutela espero izatekoa da.

Orduan, zer dator ondoren? Galdera horixe egiten diot nire buruari eta esango nuke joan den astelehenaz geroztik burumakur eta zinez goibelduta dagoen jendartea (jendarte hori ere nahi beste zabaldu edo estutu, irakurle) kezka berberarekin dabilela. Den-dena aurresateko modukoa bada, kausa-ondorio katean katramilatuta bagaude ezinbestean, orduan zer? Nora egin, eta nola?

Fatum moduko bat dagoela ematen du, baina horrelakorik ez dela esan eta esan ari natzaio nire buruari azken ordu hauetan, etsipenetik irteteko zirrikituren bat bilatu behar baitut eztarrian korapiloa eragin didan sinfoniako azken mugimendu hau liseritu ahal izateko.

2017ko urriaren bateko erreferendumak eta ondoren etorri zen bortizkeriak Kolonbian harrapatu ninduten, berriak zuzenean jasotzeko zailtasun handiarekin. Albiste-egarri, Kataluniako adiskide batekin hitz egin nuen telefonoz; «eta orain, zer?» galdetu nion. Bere erantzunak lasaitu egin ninduen: «Zer ezin den esan digute; guk, ordea, oraindik ez diegu esan zer egiteko gauza garen. Horixe da hemendik aurrera datorrena».

Fatalidadearen melodiatik irten, albait azkarren: ahotsa urratu arte garrasi eginda ez baita musika-lerroa aldatuko berez; ez baita ezer berririk sortuko. Beste norbaitek idatzitako kanta etengabe errepikatzera kondenatuta bagaude, zertarako balio du geure ahotsak? Nota berriak sortu eta elkarrekin kantatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.