Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Oztopo motak

2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Oraindik ez baduzue ikusi, ez dakit zeren zain zaudeten. Atzo ikusi nuen lehen aldiz ETB2ko Restaurante sin barreras saioa (Mugarik gabeko jatetxea) eta itxura ona du. Irailaren 12an estreinatu zuten programa berria, eta bigarren atala eman zuten atzo gauean, 22:30ean. Nahieran ikusi dut nik lehendabizikoa, eta, Ekografiak zutabearen entrega ordua bazkalostean dugunez, horren kritika egingo dut bakarrik. Iñaki Urrutiak aurkezten duen reality show-a da, eta protagonistak desgaitasun intelektuala duten zortzi lagun dira. Lau emakume eta lau gizon. Oro har, nahiko gazteak dira parte hartzaileak, nagusienak 28 urte izango ditu, eta Hego Euskal Herriko toki ezberdinetatik datoz. Sei astez sukaldaritzan trebatuko dira, benetako jatetxe bateko profesionalak bilakatzeko. Helburua da protagonistek dituzten oztopoak gainditzea, eta sukaldari baten «balioak eta trebetasunak» ikastea.

Horretarako, Iñaki Andradas Baserriberriko sukaldariburua eta Luisa Lopez Arzak jatetxeko jangelaburu ohi eta Basque Culinary Center-eko irakaslea dituzte lagun. Ordu bat eta hogei minutu irauten du saioak, eta, egia esateko, konturatu gabe pasatu zitzaidan denbora. Programaren dinamika ondo dago. Izatez, garbigailuko programa amaitu zen saioaren erdialdean, eta esekitokira ekarri nuen ordenagailu eramangarria. Sekula ez bezala! Neurri egokiko umore tonuaz egindako reality-a da, baita parte hartzaileekiko begirune osoarekin ekoiztutakoa ere. Bertan lan egitea gustatuko litzaidakeen horietakoa.

Protagonisten izaera, sentimenduak, familiarekiko atxikimendua, lagunekiko maitasuna, izaera lehiakorra, negarrak, beldurrak... Topiko itxura har dezakeen arren, haiengandik asko ikasteko dugu. Adibidez, egindako akatsak onartu eta barkamena eskatzeko duten gaitasuna. Hori bertute garrantzitsua da. Sormen maila altua ere badute protagonistek. Egindako platerei emandako izenetan ikus daiteke hori.

Kontua da askok euskaraz hitz egiten dutela —edo hala ematen du behintzat— , eta pena da ETBk saio bera hizkuntza horretan ekoiztu ez izana. Euskara bai erabiltzen dute une batzuetan, baina soilik «bat, bi eta hiru, listo», edo «hiru, bi, bat, amaitu da» esateko. Lastima. Nolabait, horrek islatzen du ETBren oztopoa euskara bera izan daitekeela. Noiz gaindituko dute hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.