Pastor
DARWIN ETA GU

Nafarren osasuna

2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Euskal jatorriko txiletar batek, Euskal Herrira 80ko urteetan etorriak, argentinarrei buruzko kontu bitxi bat azaldu zuen euskaltegiko eskoletan, Bilbon:Malvinetako gerran, diktadurak 1978ko Munduko Futbol Txapelketaren himnoa edo doinua jartzen zituen kuarteletan, soldaduak batzeko. Txapelketa hura Argentinak irabazi zuen. Argentinarrak hainbat jatorritakoak izanda, gizon guztiak elkartzeko bide hoberik ez ei zuten ikusten militarrek.

Ez dakit hori benetakoa izan ote zen edo txiletarrek argentinarren kontra asmatutakoa. Edonola ere, ikasle haren hitzak gogorarazi zizkidan lehengoan Osasuna lehen mailara igo ondoren Iruñean eginiko festak. Egoera arras desberdina izan da aste honetan, Nafarroako hauteskundeen ostean. Lehen kasuan, nafar guztiak elkartu ditu futbolak, kolore gorria nagusi. Bigarrenean, hainbat diferentzia eta kolore ikusi ditugu.

Nolakoa da oraingo lege esparru espainiarraren araberako nafarren osasun politikoa? Sendoa? Ahula? Hauskorra. Etazaila akordioak lotzeko. Extremaduran ezkerra eta eskuina daude. Bertan inork ez du zalantzan jartzen espainiartasuna. Nafarroan, bai. Hemen bi, hiru, lau edo bost sentsibilitate bizi dira elkarren ondoan: euskal herritarren sentimendua gailentzen zaien nafarrak daude; gero, euskaldunak eta nafarrak sentitzen direnak, era berdinean; nafar-espainiarrak; espainiar hutsak eta, kontuz, nafar hutsak —kasuren bat edo beste ezagutu dut: «Ni nafarra naiz; ez espainiarra, ez euskalduna»—. Ederra morokila.

Identitate kontu horiek politikaren muga ideologikoak desitxuratzen dituzte. Ondorioz, hor ageri da Maite Esporrin andrea, «agur, Asiron!» oihuka, EH Bilduk Iruñean agintzen segitzeko dituen zailtasunak ospatzeko. Maiak eta eskuin espainolistak boterea lortzea baino inportanteagoa zen hori. Asironek arlo sozialean gauza onak egin dituela onartu du PSNko buruak, baina politika «identitarioa» egitea leporatu dio alkateari. Akaso debekatu du Asironek OTko neska-mutilak sanferminetan kantatzera etortzea eta jaiak soilik euskal musikariekin antolatu ditu? Identitarioa? Zer egiten zuten, bada, beste alderdiek, bere PSNk eta UPNk? Nongo identitatea indartzen zuten? 2007an Madrildik Iruñera heldutako agindua, abuztukada hura, ez zen identitarioa izan?

Ziri ederra sartu ziguten trantsizioan. Malabarismoak egiten ibili gara geroztik. Zazpiak bat? Seiak bat? Hiru eta bat? Hiru, bat eta hiru? Azkenean, konfederazioa osatu dugu, independentzia eta batasuna oraindik lortu barik. Bitartean, azken lau hamarkaden ondoren, gero eta bereiziago gaude. Francoren ondoren jaiotako EAEko gazteek ez dute arazorik ikusten euskaldunak direla esateko Espainiara doazenean. Nafarrek? Gehien-gehienek nafarrak direla esaten dute. Konbentzimendu osoz. Edo zuhurtziaz. Ikasle batzuek esan zidaten haiek euskaldunak direla, baina... Espainian nafarrak dira. Ez dute arazorik nahi. Ulergarria. Nafar batek vasco dela esango dio Chiclanako policía local bati?

Badago salbuespenik, baina. Mendialdeko emakume bat ezagutzen dut. Nafarra du familia osoa. Espainian nongoa den galdetzen badiote, euskalduna dela erantzuten du. Herriaren izena esan eta, hura mapan jartzen ez dakitenez, Nafarroan dagoela esaten die. Akabo giro ona. «Entonces, no eres vasca». Eta hark galdetzen die nolatan ez den «vasca» izango, haren aitak ozta-ozta bazekien espainieraz.

Lan kontuak zirela eta Iruñea aldera joan nintzen batean, Gaztelu plazako banku batean eseri nintzen uda hasierako bazkaloste eguzkitsuaz gozatzeko. Emakume edadetu bat etorri eta aldamenean jarri zitzaidan. Hizketan hasi ginen. Oso andre atsegina zen tratuan. Ogibidez maistra zen, baina erretiratuta zegoen. Nafarroako hegoaldekoa zen. Hainbat urtez jardun zuen iparraldean, «en la Montaña». Bertan euskaldunak ziren nagusi. «Oso itxiak ziren, eta den-dena gordetzen zuten. Behatz bateko maskurra zapalduta ere, ez zuten deus esaten». Ahots eztia zuen. Rafael Moneoren izeba zela esan zidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.