Pastor
DARWIN ETA GU

'El rojerío'

2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Xavier Vinaderri entzun nion, lehenengo aldiz, rojerío hitza. Bartzelonan izan zen. Han, elkarrizketa egin genion hiru kazetari gaztek, Anaitasuna aldizkarian argitaratzeko. Sasian zebilen Vinader, hura atxilotzeko agindua emana baitzuten. Arrazoia? Euskal Herrian zegoen eskuin muturrari buruzko erreportaje sorta bat argitaratu zuen kazetari katalanak Interviú aldizkarian, 1979an.

Vinaderrek testu horietan aipatzen zituen bi gizon hil zituen gero ETAk, Barakaldon. Vox populi zen pertsona haien jarduera. Poliziarengandik jasotzen zuten babesa ere bai. Hala ere, epailearen ustez, Vinaderren informazioaz baliatu zen ETA atentatuak egiteko. Vinaderrek ondo ezagutzen zuen Euskal Herria. Gustura hitz egin zigun hemengo lagunei buruz. El rojerío deitzen zien, txantxetan.

Aste honetan entzun dut, berriz, rojerío hitza, baina beste era batera: mespretxuz. Andoni Ortuzar Barakaldon izan da, eta clichés de rojerío erabiltzea egotzi die EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu-ri. Buzo bat zer den ez omen dakite. Lantegietako koipeaz ere ideia arrastorik ez dute gorri horiek.

Egia esango dut: Wikipedian begiratu behar izan dut, taladrina zer den jakiteko. Hitz hori ez ezagutzeak eskubidea kentzen al dio inori politika ekonomiko eta sozial zuzenagoen alde egiteko? Pentsatzen dut EAJren hautagai batek baino gehiagok ez dutela jakingo Friedman, Schultz edo Stigler nortzuk diren. Gehienez ere, Chicago Bulls-eko jokalariak direla pentsatuko dute. Hala ere, ez dute erreparorik izango eskuinaren guru ekonomiko horiekin bat egiteko. Jeltzaleak deskalifikatzeko arrazoia ote da hori?

Hezkuntza eta osasun zerbitzu publiko hobeak izateko erabaki ekonomiko eta politika sozial ausartagoak eskatzen dituztenak —Ipar Europako eredu sozialdemokrata klasikoan egiten dena, besterik ez— rojerío horren ordezkariak badira, nola deituko diegu Andoni arrain-saltzailearen bizimodua goresten dutenei? Halakoxea baita bizitza zoro hori: lanean burua altxatu ezinik, gosaldu ondoren han, bazkalostean hemen, protestarik egin gabe. Laguntza eskatu barik. Lan baldintza hobeak eskatzen dituztenak el rojerío baldin badira, zer izango dira esplotazio mota hori goresten dutenak? El facherío? Zer pentsatuko dugu goizean Andoni arrain-saltzailearen kalbarioa laudatzen duenak arratsaldean lanpostu duin iraunkorra, baldintza onenetan, eskatzen badu haren alabarentzat? Nori egingo diogu kasu: Jekyll doktoreari ala Hyde jaunari?

Zenbait euskal neoliberalen iritziz, badirudi Andoni arrain-saltzailearen bidea dela txalogarriena. Laguntzarik ez. Self made (wo)man. Eta deskuiduan euskal Amancio Ortega bat ateratzen bazaigu, primeran. Kontuz! Ez dut esan nahi gizon horren donazioak guztiz baztertu behar direnik. Ni edo etxekoak gaixotuz gero, ez naiz galdetzen hasiko makina horiek nork ordaindu dituen, tratamendua hasi aurretik. Baina herri baten ongizateak ez du zertan pertsona baten apeten menpe egon. Botere publikoen eginkizuna da hori bultzatzea. Zer gertatuko da enpresari eskuzabalaren etekinak murrizten badira eta laguntza eteten badu?

Filantropia dela esan dute. Filantropia, gizateriaren aldeko jokaera, ez da soilik minbiziaren kontrako makinak erostea. Filantropia jendea errespetuz tratatzea ere bada; herritarrak duintasunez bizitzeko baldintza egokiak bermatzea. Soldata ziztrinak ez ematea, aisialdia eskaintzea familia eta lagun giroan garatzeko, norberaren etorkizun hurbila kolokan ez jartzea. Hori ere filantropia da.

Xavier Vinader Euskal Herrian ibili zen garaian institutuan geunden, artean. Irakasle taldean bazen gizon zahar bat, Andaluziakoa. Matematika irakasle haren inguruan bazegoen nolabaiteko mito bat: kartzelan egon ei zen gorria izateagatik, gero Euskal Herrira etorri zen... Behin, ikasleek mezu bat idatzi zioten arbelean. Gelan sartu eta han irakurri zuen irakasleak: «Yo soy rojo». Arbela garbitzeko ezabagailua hartu eta burua bueltatu zuen, irribarrez: «Y yo, Argote».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.