BI TARTE

Gaua

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Danimarkan badute haurrak gauetan telebistatik aldentzeko modu bat, ez baita erraza izango seme-alabak ohera sartzeko konbentzitzea justu lotarakoan programazio interesgarri bat hasten dela sumatzen baldin badute (zer erakargarriagorik 13+ eta 18+ ikurrek egiten duten soinu hori baino?).

Haurrentzako DR Ramasjang katean, 20:30etik 06:00etara bitartean, ohiko marrazki eta filmak eteten dira. Horren ordez, kanaleko pertsonaia nagusien logelak erakusten dituzte travelling geldo baten bidez eta isiltasun osoan, eta bertan protagonista guztiak ageri dira lo, bakoitza bere ohetxoan. Untxi zuri handia zurrungaka, pailazo ilegorria ere seko, adurra ezpainean behera dariola, superheroiak kapa erantzita eta asmarentzako inhalagailua mesanotxean dutela... iluntasuna, eta 9 ordu eta erdiko asperdura ezin hobeto diseinatua eskaintzen dizkiete hartzaile txikiei. Gurasoen berba nekatuak balioztatuko dituen ikus-entzunezko material perfektua da: «Hara! Ikusten? Zure telebistako laguntxo guztiak ere lo daude».

Eta haurrak sinetsi egin behar, nahiz eta berez botoi batera daukan gauaren mundua, egunari onartzen ez zaion indiskrezio guztia; botoi batera tertulia politiko eskasak, jende biluzia bortizki larrutan, etorkizun igarleak telefono zenbaki bat errepikatu eta errepikatu, botoi batera 24 orduko informazio kanaletako titular jarraituak, mundua leku arriskutsu bat dela gogoraraziz 30 segundoan behin: «AEBen eta Iranen arteko tentsioak gora egin du», «Etxe batek su hartu du gauean eta familia bat hil da».

Haurtzaroa den kartazko dorrea amiltzen hasteko mila aukera daude gauean, baina, bere laguntxoak lotan daudenez, umeari ere oheratzea dagokio. Kate horri eskerrak, badakit ume insomniodunak are bakartiago sentituko direla Kopenhagen. Beldurgarria da lo bizkor hartzen duten lagunek aldamenekoei egin diezaieketen kaltea. Munduan bakarrik uztea bezalakoa da.

Nik barre egin nion telebista kate horri hoteleko gelako ohetik, baina beti iristen da gaua beltz eta geldiezin nire gainera, eta eramaten dizkit ingurukoak, isiltzen dit hiria, eta nire pauso eta eztul guztien bolumena biderkatzen du. Berriro ni bakarrik, gauez askoz larriagoak diruditen mamuekin. Untxi zuri, pailazo ilegorri eta bestelako izaki alaien logelei begiratzea erabaki dut tarte batez telebistako leihotik, geldo, beraien loa miresten, une batez sinetsiz ez dagoela beste ezer, ez dela beste ezer gertatzen inon begiak zabaltzea merezi duenik, ez bada pailazoak posturaz aldatu duela zazpigarren ametsetik zortzigarrenera bidean.

Lo egin beharrak ahuldu egiten gaitu, guztiz zaurgarri bilakatzen gaitu egunean zortzi orduz batez beste, baina zeinen lasai dauden denak, zeinen eder pijamaren lo usainean bilduta, sute baten aurrean erantzun bizkorrerako inolako gaitasunik barik dagoeneko. Hilda, edozer gertatuko balitz. Baina inbidia ematen du argia eta bizitasuna darion guztiari uko egiteak halako ziurtasunez gauero. Nik ezin dut, ez behintzat azken ahalegin bat egin barik ingurukoak elkarrizketa mamitsu batekin limurtu eta esnatuon munduan mantentzeko, edo pentsamendu bat bere ardatzean mila aldiz kiribildu barik, hari-muturra eta askabidea zeharo galdu arte.

Esnatzeko 4 ordu eta 43 minutu geratzen zaizkiela dio pantailako erlojuak. Pentsatu dut agian eutsi diezaiokedala esna, elkarbanatu dugun intimitate honek merezi duela itxarotea, beraien begien koloreak ikus ditzadan gutxienez. Goizaldeko laurak arteko tartea da ilunena, hortik aurrera badatoz lehenengo autoak eta txori kantuak, eta lurruntzen da bakardade larri hau.

Baina ez dut lortu. Goizeko 6:30ean esnatu nau telebistaren bolumenak. Untxi zuriaren programa hasi da, eta nik galdu egin dut begiak zabaldu dituen momentua. Ez nion ahots hori imajinatzen. Mugikorrean beste lagun insomniodun baten mezua daukat. Bere telebistari ateratako argazki bat bidali dit: ETBn 2014ko Hizkamizka lehiaketa bota dute nonbait goizeko 5ak aldera, zehazki nik parte hartu eta lehenengoan kaleratu ninduten saio tamalgarri hura. Gauaren estolderiak arriskutsuak dira, umeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.