Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Desberdintasunen telebista

2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Nori sinesten diozu errazago?» galderarekin zuzendu zitzaien Txema Ramirez de la Piscina BERRIAren irakurleei igandeko zutabean. «Ustez egia esaten dizunari, edo entzun nahi duzuna xuxurlatzen dizunari?». Komunikabide digitalen eztandak informazioari lotutako ekarpen baikorrak egin dituen arren, albisteen sinesgarritasuna eta jendearen ideologia politikoaren eraikuntza uztartu zituen Ramirez de la Piscinak. Bat nator haren adierazpen honekin: «Gero eta gehiago dira balio progresistak —sarean, batik bat— defendatzen dituzten prestigiozko komunikabideak». Izan ere, pantaila txikian horien hutsunea nabarmena da. Esango nuke esku bakarrarekin zenbatuko nituzkeela Espainiako telebistetan egun programazioan dauden ezker ideologiako saioak. Entretenimenduzko eskaintza elitearentzat zuzentzen da nagusiki. Zer esanik ez albistegiez.

Ba al zenekien behe klaseko haur batek zazpi aldiz txantxar gehiago dituela klase ertaineko haur batek baino? Sergi Picazo Critic-eko kazetariari irakurri diot: «Biztanleriaren ahoa eta hortzak klase sozialaren adierazle dira. Sarri, kode genetikoa baino garrantzitsuagoa da posta kodea», erantsi zuen Twitterren. Oxfam erakundeak ere herenegun argitaratu zuen mundu pobreziaren gaineko txostena: «Biztanleen erdiek adina ondasun dute 26 pertsona aberatsenek». Are gehiago, 3.800 milioi pertsona txiroenak iaz baino %11 pobreago dira gaur. Ezin hobeto laburtu zuen Irune Lasak atzoko albistean, BERRIAn: «Dirua izatea baino ezer hoberik ez dago diru gehiago izateko». Hori guztia gehiago esan beharra dago telebistan.

Gizarte klaseen arteko desberdintasunei aurre egiteko modu eraginkorra da mailaz mailako zergak ezartzea. Hala azaltzen du Oxfamek. Bestalde, hezkuntzarako berdintasunezko sarbidea bermatzea litzateke biztanleriaren erdi horren diru sarrerak hobetzeko beste modu bat. Desberdintasuna murriztu nahi bada, diru gehiago jarri beharko litzateke hezkuntzan, osasunean eta ingurumenaren babesean. Eta komunikabide publikoetan? Txostenak dioenez, lehen baino baliabide mugatuagoak daude. Pribatizazio eta xurgatze prozesuak areagotu egin dira, eta, ondorioz, esparru publikoa pobretu da. Telebista ez da horren kalteez libratu: jada bada desberdintasunak areagotzen dituen tresna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.