gorka julio
IRLEN SAREA

Irabazi dugulako

2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuak atzera bota du merkatu digital bateraturako egile eskubideen zuzentarau proposamena. Alerta piztu genuen duela bi aste, eta mundu osoan zabaldutako deiadarrari esker lortu da proposamena atzera botatzea (copyright oraindik ere murriztaileago bat ezartzeko neurri berria).

Legearen kontrako ekintzak asko izan dira: Interneten sortzaileen manifestua, enpresen posizionamenduak, aktibismo kanpainak, europarlamentariei zuzendutako komunikazio kanpainak... Eta horien artean nabarmentzen den bat: aldi baterako Wikipedia itxi izana.

Wikipedia ixteak ikusgarri egin du aldarrikapena. Gehienok erabiltzen dugun baliabidea delako, batetik, baina baita, bere posizionamenduak zioen bezala, arriskuan jartzen zuelako denon lanarekin sortutako egitasmoa bera. Batzuk lehenagatik, baina askok ere bigarrenagatik, zerbait egitearen beharra sentitu dugu, imajina ezinezkoa baita ezagutza libreki metatzen duten Wikipedia eta halakoak desagertzea edo haiei trabak jartzea.

Wikipedia arriskuan bazegoen, are gehiago etorkizunean ere antzeko proiektu digitalak jaiotzeko aukera. Lege horren aurkako borroka, beraz, etorkizunaren aldeko borroka izan da.

Aldi berean, Europako Parlamentuan —gutxirako balio du— eragiteko gaitasunik badela ere erakutsi dute egitasmo horiek guztiek. Europako egitura juridiko-politiko-instituzionalean parlamentuaren indarra txikia bada ere, oraingo honetan egindakoak eragin zuzena izan du.

Urte osoan, bertan lan egiten duten eta bereziki interes pribatuak defendatzen dituzten lobby-ek borroka galdu dute oraingoan; aurretik onartutzat jotzen zena, milaka herritarren indarrez, eztabaida mahai gainean jarri, eta europarlamentarien bozkan eragitea lortu dutelako.

Euskal Herriko ordezkaritza duten alderdiei dagokionez, popularrek eta sozialistek bakarrik egin dute legearen alde. Europan, bozketak zatiketak eragin ditu alderdi horiek biltzen dituzten taldeetan; sozialistek ia bitan zatiturik bozkatu dute.

Gutxitan irabazten dira horrelakoak. Hurrengo erasoaldia etorri baino lehen, oraingoan ospatzea dagokigu. Denona dena defendatzeagatik irabazitako borroka da hau; ospa dezagun, beraz. Ospatzen ez dena ez baita existitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.