Pastor
DARWIN ETA GU

Bihotz korearrak

2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Irakasleen jokaera arrazistak salatu dituzte Alemanian. Bertako eskoletan lanean ari direnetako batzuen portaera gaitzesgarria frogatzeko testigantzak eman ditu Der Spiegel aldizkariak. Inkesta zabal baten bidez jakin denez, azken bi urtean lau lagunetik batek baztertuta ikusi du bere burua eskolan, jatorri, adin edo sexuagatik. Jokamolde horren adibideetako batzuk: «Berdin dio zuen semea zein eskolatara bidaltzen duzuen», azaldu die irakasle batek guraso italiar-poloniarrei, haurrak inoiz egingo ez duela aurrera jakinarazteko. Beste kasu bat: matematika eskoletan galdera bat egin du gurasoak kanpotarrak dituen ikasleak. Irakaslearen erantzuna: «Alemanez hitz egiten ikasi, ezer galdetu baino lehen».

Erronka ederra dute Alemanian. Hainbat irakasle ez omen daude prestatuta aniztasuna kudeatzeko. Gurasoak kanpotarrak dituzten ikasle gazteen kopurua gora doa hiri handietan: jaiotze beretik estatukidetasun alemaniarrik ez zuen aita edo ama duten herritarrak %45,3 dira Frankfurten; %40,9 Stuttgarten; %39,4 Munichen; %35,9 Dusseldorfen; %34,2 Kolonian eta %28 Berlinen.

Alemaniako ume askok, etorkizuneko herritar helduek, arazoak dituzte alemanez mintzatzeko. Erreakzio arrazistak sortzen ari dira. Nola gaude Euskal Herri autonomikoan, euskarari dagokionez? Eskoletan ikasten ari diren umeetako zenbat dira gai euskaraz ondo egiteko? Bermatuak ditugu euskararen presentzia eta erabilera zuzena geroan?

Hegoaldeko hizkuntz ereduak ukiezinak dira, antza. Lurrikara eragingo luke gurean Kataluniakoa bezalako murgiltze sistema indarrean sartzeak. Gerra zibila, aizu! Gurasoen eskubideak «urratzea» salatuko lukete askotxok. Eta ez soilik burua unionista eta bihotza espainiarra dituztenek. Bilboko taberna batean hizketan ari dira gizona eta emakumea. Lehena erdalduna da; bigarrena, euskalduna —tabernaria, bizkaieraz dotore egiten duena—. Euskara legez ezarri beharko litzatekeela adierazi du gizonak. Eta emakume euskaldunak, zuhur-zuhur, euskarak aurrera egin behar duela, baina «inposizino barik».

Ederra daukagu. Ez gara ohartu ere egiten ziria noraino sartu diguten. Zer pentsatu unibertsitatera heldu den 18 urteko ikasle batek Zarautz Bizkaian ala Gipuzkoan dagoen galdetzen duenean? Euskal geografian galduta ibiltzea ez da tristeena—seguruena ederki bereiziko ditu mapan San Frantzisko, Miami eta New York—. Etsigarriena hauxe da: ikasle horrekB ereduan ikasi du, eta ez da gai euskaraz mintzatzeko. «Yo he estudiado en el modelo B y no entiendo bien euskera». Zer azalduko diozu mutilari? Bilbo erdikoa da; euskal abizenak ditu. Rh-a forever. Atzo bertan, bi neska gazte autobusean. «Me ha dicho mi madre que en la UPV también enseñan euskera, pero yo me he apuntado a inglés», batak besteari, Cantábrico oriental deritzon eskualdeko ahoskera garbiaz. Etxekoa euskaldundu ez, eta txapela jarri nahi heldu berriari.

Beste aldean badira euskara ikasi dutenak, baina hizketan trakets eta trabes moldatzen direnak. Saiatu egiten dira. Errespetua merezi dute, laguntza. Zer erantzungo diozu euskaraz gabeziak dituen ikasle bati, azaltzen badizu euskaraz egiten segitzeko matrikulatu dela euskaraz, etxean eta lagun artean inoiz ez delako euskaraz ari, eta hizkuntza galduko ote duen beldur delako? Unibertsitatea ez da euskaltegia, ados. Alta, zer esango diozu? «Euskara egiten ikasi, ezer galdetu baino lehen». Ez. Zer dio buruak? Zer bihotzak?

Gazteen artean hizkuntza korearra ikasteko joera zabaltzen ari dela hedatu zuten EITBko albistegiek, joan den hilean. Hango pop musika eta kanten hitzak ulertzeko koreera ikasteari lotu zaizkio neska-mutilak. Telebistan hiru gazte agertu ziren, euskaraz, zaletasunaren berri ematen. Oso ondo. Hala ere, zer egin euskara ikasteko gogorik ez baina koreera ulertu nahi dutenekin? Zer esan mapan Seul Zarautz baino hobeto kokatzen dakitenei? Nork eta nola euskaldunduko ditu burua espainola eta bihotza korearra dituzten gazteak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.