martxelo otamendi
ANALISIA

Auziz auzi

2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Polizia batzuek sekulako abilezia daukate leku guztietan egoteko, edo, zehatzago esanda, auzi askotan egoteko. Iduriko luke talde hautatu bat dabilela batetik bestera: non lasto lehorra, han su eman.

Sartu da gelara Guardia Zibilaren komandantea, N29100C identifikazio zenbakiduna. Lekuko guztiei bezala, Marchena mahaiburuak auzipetuak ezagutzen ote dituen galdetu die, haiekin harreman berezirik ba ote daukan eragozten diona lekukotza eskaintzea, eta...

Marchena: Egon zara inoiz auzipetuta?

Guardia Zibila: Bai.

Marchena: Zer auzitan?

Guardia Zibila: Tortura kasu batean, baina absolbituta geratu nintzen.

Isiltasunak hartu du aretoa segundo batzuetan. Nor ote da? Kataluniako independentzia prozesuaren buruzagi instituzional eta sozialen aurka Espainiako Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketaren lekuko erabakigarrietako bat tortura auzi batean absolbitu egin zuten. Auzi horretan poliziek egin dituzten txosten garrantzitsuen egile bateratzaile nagusia izan da, akusazioak —fiskaltza, estatuaren abokatua eta Vox— auzipetuen aurka erabiltzen ari diren argudioen josle gorena. Ezin da edonor izan.

Edonor ez delako zegoen destinatua Euskal Herrian, ETAren aurkako borrokan 2008ko urtarrilean Portu eta Sarasola atxilotu zituztenean. Bi atxilotu horiek torturak salatu zituzten, eta 15 guardia zibil epaitu zituzten Donostiako Auzitegian handik urte batzuetara. Fiskaltzak lesioak eragitea leporatu zion N29100Cri, eta akusazioak torturak. Auzitegi Probintzialak, oso sententzia sendoan, lau guardia zibil kondenatu zituen Portu eta Sarasola torturatzeagatik; ez, ordea, N29100C. Absolbitu egin zuen.

N29100C tenientea zen orduan, atzo bi gradu gehiago, komandantea; eta etakideen atzetik ibiltzetik Kataluniako independentziazaleak izpiatzera pasatu da azken urteotan. Buruz erantzun zien fiskalaren galderei, zehaztasun handi bezain susmagarriarekin. Beste auzi askotan ere gertatuko da, baina ez da sinesgarria aurrez galdetzailearekin—fiskalarekin kasu honetan— prestatu gabe eta interesatzen zaiona buruz ikasten ordu dezente pasatu gabe, horren xehe erantzutea galderei: egunak, orduak, instrukzioen zenbakiak, bileretan egondako kideak... Auzipetuen defentsaren txanda iritsi zenean, eta aurreko lekuko batzuekin egin duten legez, lekukoaren infalibilitatea interesatua den estrategiaren barruan lehen galderak egin zizkiotenean, ordura arte argia zena ilunpe bihurtu zen. N29100C komandantea ez zen ezertaz gogoratzen, dena duda zen, baieztapen kategorikorik ez, «ez naiz gogoratzen, polizia txostenetan horrela badago jasota, horrela izango da...».

Poliziaren ikerketaburuak oso lekuko mamitsuak dira, akusazioarentzat hala nola defentsarentzat. Ezin konparatu manifestari batek behatza bihurritu ziola esaten duen poliziaren lekukotasunarekin, edo komandantearen ondoren deklaratu duen oinarrizko polizia nazionalarekin, fiskalaren etsipenerako, parte hartu zuen hauteslekuen izenak gogoratu ere egiten ez zituena.

Behin eta berriro saiatu ziren defentsako abokatuak komandantearen kontakizunean dudak eta kontraesanak azalerazten, deskalifikazio teknikoa bilatzen; are gehiago, ohartu zirenean Marchena magistratuburua sabaiari begira jarri zela, N29100C etengabe lekukoa zena peritu bihurtu zenetan. Atzokoa, epaiketa honetan, defentsek irabazi behar zuten guduetako bat zen, akusazio ia gehiena komandante horrek ehundu duen akusazio sarean baitatza.

Akusatuari, kartzelara inor joatekotan bera joango delako, beti onartu izan zaio marra gorria zapaltzea bere adiezpenetan, arau estuak neurri txikian urratzea. Baina non ikusi da, zein auzitegitan onartzen zaio lekukoari, komandantea izanda ere, akusatua balitz bezala erantzutea defentsari? «Seguru, seguru zaude esaten ari zarenaz?» bezalako erronka galderak, ez behin edo bitan, egin dizkio defentsari. Luzea da, Gorenean askotan jardun duen euskal legelari baten hitzetan, «estatuaren barruan estatu bat» den polizia erakunde horren itzala.

N29100C tenientea zen Portu eta Sarasolaren auzian, eta komandantea Kataluniako prozesuaren auzian. Zer gradu edukiko du hurrengo auzian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.