Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. IRITZIA

Omenaldietan omenaldi

2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Laurogei urte beteko ditu aurten Donostiako Musika Hamabostaldiak. Eta badirudi ospakizuna ez dela soilik San Telmo museoan antolatu duten erakusketara mugatuko: programa aztertuz, abuztuan zehar izango diren hamaika kontzertuen bidez egin dakioke omenaldirik zintzoena musika jaialdi honi, zeinak bere egin duen esperientzia eta gertakari ugari biltzen dituen jakintsuaren itxura.

Hiriko hainbat espaziotan izaten diren eta Hamabostaldi Solidarioa izena daramaten kontzertuez gain, jaialdiaren irekiera Mahler Chamber Orchestrak—musika bera jorratzeko modua berritzen du eta nazioarteko musikariez osatuta dago— eta Seong-Jin Cho piano joleak gidatuko dute, Kursaalean. Hurrengo egunean, Z. Kodalyren Psalmus Hungaricus eta A. Dvoraken Te Deum estreinakoz entzun ahal izango dira Hamabostaldian. Espero dezagun zuzendaritzak datorren urteetan ere jaialdiari oraindik arrotzak zaizkion obrak taxutzeko ausardia bera mantentzea.

Tradizioa lege, abesbatzak nagusi izango dira agertokietan: Donostiako Orfeoia, Easo Abesbatza eta Andra Mari Abesbatza, besteak beste. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren urteroko hitzorduari Bremen, Paris eta Londresko orkestrak batuko zaizkio, Javier Perianes, Hilary Hahn eta beste birtuoso batzuk lagun. Dantzarako aukera ere izango da Victor Ullateren Antigona-rekin eta Andaluziako Ballet Flamenkoarekin. Eta Donostiako biztanleek irrikaz itxaron ohi duten operan, berriz—eta iazko ekoizpenaren ezkata distiratsuekin kontrastea eginez—, sotiltasunez jantzitako Madama Butterfly aurreikusten da; II. Mundu Gerran girotua dago, solista zerrenda ederra bilduko du, eta Ainhoa Arteta izango du rol protagonistan. B. Bartoken Bizar Urdinen gaztelua ere entzungai izango da, kontzertu bertsioan.

Organo zikloak Gipuzkoako elizetan gordetzen ditugun altxorrez gozatzeko aukera emango digu berriro ere, doan eta nazioarteko onarpena duten profesionalen eskutik. Donostiako Santa Teresa komentuan, antzinako musikak, Elkanoren antzera, munduari buelta emango dio. Haurrek ere musikaz gozatzeko eremua topatuko dute kontu eta kantuekin. Musika garaikidearen zikloan, Tom Johnsonen Lau noten opera lehen aldiz euskaraz entzuteko aukera izango dugu, Musika Hamabostaldiaren eta Tabakaleraren arteko harremanetik sortutako ekoizpen berrian, etxeko abeslari talde bikainarekin. Hamabostaldi Ibiltariak musika koralaz beteko ditu Gipuzkoa eta Arabako txokoak. Eta hori guztia, urtero legez, gazteei eta langabezian dauden pertsonei zuzendutako salneurriak eskainiz, baita doako kontzertu ugari ere.

Betiko lagunak ahaztu gabe, ezezagunei ere ongietorria ematen dien anfitrioia dugu Hamabostaldia. Musika maite dugunoi gonbidapena onartzea eta aurkezten zaigun horrekin gozatzea baino ez zaigu geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.