Pastor
DARWIN ETA GU

Doktrinatuak

2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Merceren neba Madrilen bizi da. Kataluniako prozesua dela eta, ika-mikak izan ditu lankideekin. Non dago seny hura? Hark hau erantzuten die: «Nire 18 urteko alaba independentista izatea ez da harritzekoa. 78 urteko ama independentista bihurtzea, hori bai harrigarria». Merceren ama katalanista zen. Orain independentista da.

Neusen seme-alabek paso egiten zuten politikaz. Gerard (18 urte) bozkatzera joan zen urriaren 1ean. Laurak (16 urte) eskola batean pasatu zuen erreferendumaren bezpera, bozkalekuak babesten. Neusen gurasoak katalanistak ziren. Orain bat datoz prozesuarekin. «Katalanista izatea gure lurrari, Herrialde Katalanei, uko egiteko modu bat da. Ez da kasualitatea gure herriaren independentziaren defendatzaileen artean 'katalanistarik' ez egotea», azaldu zuen Manuel de Pedrolo idazleak.

Espainiak estatutua atzera bota aurretik, ICV Iniciativa per Catalunya Verds talde politikoari ematen zion botoa Neusek. Federalista zen. Orain ezkerreko sentsibilitatea izaten segitzen du, baina independentista dugu. ANCeko buru Jordi Sanchez ere ICVen inguruan ibilia da. Egun kartzelan dago independentzia modu baketsuan defendatzeagatik.

Celestino Sanchez Malagan jaio zen, duela 67 urte. Kataluniako Legebiltzarreko diputatua izan zen PSUCekin. Comunistes pel Sí plataformako kidea da. Hauxe adierazi zuen erreferenduma egin aurretik: «Baiezkoa emango dut, baina bitxia da, ez bainaiz independentista sentitzen». Haren ustez, independentzia «zoriontsuagoak» izateko aukera da. «Hori gertatzeko, guk geuk kudeatu behar dugu boterea». Ez du uste Espainia barrutik aldatzeko modurik dagoenik: «Ez da onargarria esatea: 'Itxaron, gero esango dizugu nola osatu ahal dugun eredu federala'. Espainia azkenean estatu federala bihurtzen bada, berdinen arteko erlaziotik izango da. Kataluniak, Euskal Herriak edo dena delakoak erabakitzen badu estatu federal batean elkartzea». Esan diezaiela hori azken hamarkadetan estatutua betetzeko Madrilekin negoziatzen ari diren bilateralei.

Kataluniako hainbat adin, jatorri eta maila sozialetako herritarrakindependentziaren alde. Doktrinatuak omen dira. Hori leporatzen dietenek ez dute inoiz doktrinatzen. Espainiera munduko bigarren hizkuntza da, haren indar eta berezko osasunari esker, inposiziorik gabe. Hori esatea ez da doktrinatzea. Euskal Herria zazpi probintziak osatzen dutela aldarrikatzen baduzu, orduan bai, umeak doktrinatzen ari zara. Semea euskara hutsezko eskolara bidaltzen baduzu, doktrinatzen ari zara. Alaba pastel kolorez jantzi, eta mojen eskoletan sartzen baduzu, ez. «Euskalduna naiz eta harro nago» esaten duena doktrinatuta dago; «yo soy español, español, español», oihukatzen duena ez, inondik inora.

Doktrinatzea omen da arazoa. Albert Boadellak ez du erreparorik izan auzia TV3 itxiz gero konponduko litzatekeela esateko. Eta arazo espainiarra TVE eta Telecinco itxiz desagertuko balitz? Telebista katalanean eskuak sartu nahi ditu Madrilek, Bartzelonako kolaborazionisten laguntzaz. Uztailean, Telecincok lortu zuen ikusle gehien Katalunian. TV3en ikusle portzentajea %10,1ekoa izan zen. Nork doktrinatu ditu gainontzeko independentistak? Zeinek egin ditu independentista gehiago: Telenotícies Vespre albistegiak ala Alfonso Guerrak estatutua eskuilatzen? Polònia emanaldiak ala PPk estatutuaren kontrako sinadurak biltzen edo Wert jaunak ume katalanak espainiartu beharra dagoela esanez?

Katalanak etorkizuna eraikitzen hasi dira, etxean arrotzak izateari uzteko. Manuel de Pedrolok horixe amestu zuen 1978an, Moriré com un estrany a casa meva izeneko artikuluan: «Ni eta beste asko, asko eta asko, atzerritar hilko gara geure etxean. Gure gurasoak, gure aitona-amonak, belaunaldi osoak hil ziren horrela. Hori ez da arrazoia gure seme-alabak eta gure bilobak ere horrela hil daitezen. Guri dagokigu lan egitea lur libre batean bizi eta hiltzeko aukera izan dezaten, beraien nazioko herritarrak bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.