urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

SOS Rojava

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Duela astebete bost urte bete ziren Arin Mirkanen martiriotik. Gogoratuko duzue: Kobane setiatu hartan balarik gabe gelditu zen, eta azken granada jihadistek ez harrapatzeko erabili zuen, eta bidenabar jihadista zenbait parean harrapatzeko. 22 urte zituen YPJ Emakumeen Babes Unitateko komandanteak, eta berehala bihurtu zen kurduen borroka nazionalaren, emakumeen askapen borrokaren, antifaxismo erlijiosoaren sinbolo. 2014ko urriaren 5ean izan zen.

Bi hilabete ziren EI Estatu Islamikoak Sinjar mendia harrapatu eta yezidien genozidioari ekin zionetik, gizonezko guztiak hil eta emakumezkoak sexu esklabo bihurtzeko Raqqa eta Mosulgo azoketan. Sakrifizio handiarekin baino ez zuten lortu setioa arrakalatzea Siriatik iritsitako gerrillari kurduek, basamortuko mendian abuztuan babes hartu zuten yezidiei pasabidea irekiz. Iraken ziren AEBetako helikopteroek lagundu zieten. Gutxik zekiten larrialdi hark piztutako loturak zenbat iraungo zuen.

Egiazko lotura Kobanek ekarri zuen, Arin Mirkanen eta beste ehunka gazte kurduren sakrifizioak, EIk hiria hiru aldetatik setiatu zuenean. LaugarrenaTurkiako muga zen, eta Ankarak berehala jo zuen ezinezkotzat hiriaren salbazioa —horrek ekarri zuen halaber Kurdistango bake prozesuaren amaiera, HDP alderdi kurdu ezkertiarra Turkiako Parlamentura sartzearekin batera, Erdoganen gehiengo osoaren amaiera izan baitzen—. Hondamendiak gainean zirudienean, AEBek aire-erasoei ekin zieten Kobanen, eta kurduek hiria salbatu eta beren eremua hedatu zuten 2015eko urtarriletik aurrera. Jihadismoari aurre egiteko indar eraginkor eta fidagarriena zela ikusi zuen Barack Obama AEBetako presidenteak —baita Europak ere, Parisko atentatuen ostean igarri ere—, ordura arteko «matxino» deiturikoei emandako laguntzak talde jihadistetan amaitzen zuela ikusita.

Kurduek, ordea, ez dute sekula Washingtonengan konfiantzarik izan, historian sarritan ikusi dutelako zelan egin dien kale. Turkiaren azken erasoak Israel edo Saudi Arabiaren kritika gogorrak ere ekarri ditu Ankararen aurka, baina ondo dakite kurduek eskualdeko borroka geopolitikoan kokatzen dela dena, Riadek gaur Yemen bonbardatu eta era berean Ankararen inbasioa salatzearen hipokrisia agerikoa baita. Azken baten, Kobane defendatu bazuten, Kobane euren esku zegoelako izan zen. Eta hori ez zen 2015ean gertatu, ez eta Washingtonen bidez ere.

Kurduek eurek askatu zituzten Rojavako —Siriaren menpeko Kurdistango— hiru barrutiak 2012ko uztailean, ia borrokarik gabe. Siriako armadarik ez zegoen hiriotan ordurako, Siriako presidente Baxar al-Assadek mendebaldeko hiri nagusietan egiten ari zen gerrara eraman baitzituen militarrak. Oposiziotik PYD alderdiaren eta haren YPG miliziaren eta Al-Assaden erregimenaren arteko akordio ezkutua salatu zuten, eta sekula frogatu ez bada ere, argi zegoen bi aldeei komeni zitzaiela: Siriako presidenteak ezin zion eutsi fronte berri bati —kurduek oposizioarekin bat eginez gero—, eta kurduek ere bazekiten ez batekin ez bestearekin egotea ez zekarren hirugarren bide bat komeni zitzaiela: nazionalismo panarabiarraren eta islamismoaren artean erabaki behar badu kurduak, beti irtengo da galtzaile. Ezin ahaztu horretan guztian Errusiak izandako rola ere, eta zelan PYDk luzaroan nazioarteko bulego bakarra Moskun izan zuen.

Kurduek AEBekin baino harreman luzeagoa izan dute historikoki errusiarrekin zein sobietarrekin, eta Washingtonekin bezala ikasi dute Moskurekin ere interesak daudenean soilik bat egin dezaketela babesa hartzeko. Stalinek britainiar eta irandarrekin akordioa egindakoan erori zen Mahabadeko Errepublika 1946an. Eta iaz Afringo barrutia konkistatzeko eta garbiketa etnikoa egin aurretik ere, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak lortu zuen Vladimir Putin Errusiakoak bere indarrak erretiratzea.

Orain mehatxua egin dio Europari Erdoganek. Ez da halakorik egiten duen lehen aldia. Baina paradoxikoki, oraingo honetan eskuin muturretik hauspotutako gezurra egia bihur lezake: errefuxiatuekin batera jihadistak ere sartzea Europan. Washingtonen traizioaren ostean, kurduek ezingo diete eutsi giltzapean. Kurduek esan izan dutenez: «Zuen Europako hirietatik etorri ziren gu sarraskitzera, esklabo egitera eta bortxatzera; milaka gazteren sakrifizioarekin garaitu ditugu, eta orain ez dituzue bueltan hartu nahi?».

Ekialde Hurbilean inoiz izandako esperientziarik zoragarrienetakoa da Rojava. Hizkuntza, erlijio eta ohituren gainetik, behetik gorako demokrazia zuzena lantzea, tradizio feudal eta tribalak gaindituz berdintasunezko eredu positibo batean. Ikastolak ere sortu dituzte eta! Emakumea ahalduntzen duen eredu arriskutsua da Erdoganentzat, Saudi Arabiarentzat zein Iranentzat. Eta inork berehala geldiarazi ezean, NATOko bigarren armada indartsuenak hilko du esperientzia demokratiko paregabe hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.