urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Amildegirantz

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniako gatazka politikoan tentsioak nabarmen egin du gora azken asteotan. Eta katarsirako elementu guztiak ari dira pilatzen egunak igaro ahala: ekainean Madrilgo zentsura mozioak ekarri zuen barealdia ia amaituta dago, asteon Pedro Sanchez Espainiako presidenteak parlamentuan egindako hitzaldi gogorrak agerian utzi duenez. Andaluzian faxismo esplizituak erakutsi duen indarrak nazionalismo espainiarraren oldarraldia ekarri du, PSOEren baitako jarrera jakobinoenak pizteraino. Testuinguru horretan ate-joka dago prozesu independentistako buruzagien aurkako epaiketa, eta, tentsioa areagotzeko, preso politikoen gose greba dago. Jordi Turull Lledonerseko espetxeko erizaindegian da lerrook idazteko unean.

Euskal Herrian baino nabarmenago egon dira historikoki harreman estuak ERC eta PSCren artean. Iazko urriko esperientziaren ostean, eta Espainiaren oldarrak ekarri dion shock-ak astinduta —buruzagi nagusia espetxean, zuzendaritzako beste kide garrantzitsuak ere preso edo erbestean—, ezker independentista tradizionalaren sektore horrek bide hori saiatzeko ahalegina egin du. Independentista asko urduritu eta haserrearazi ere egin ditu jarrerak: erreferendumera bitartean lan handiena egin zutenek (eta gerora errepresio gogorrena jasan dutenak) azken hilotan erritmoa moteltzearen eta beste bide batzuk lantzearen alde egin dute. Oinarria zabaltzea zuten lelo berria, CiU zaharretik ahal beste urruntzeko disimulu gutxi izan dute, eta ziur aski Carles Puigdemonten beraren irmotasunak ekarri du iaz piztutako pultsu independentistari eustea. Duela urtebeteko hauteskundeetan inkesta guztiak gaindituzERCren aurretik geratzeak indarra eman zion, eta handik hilabetera Roger Torrent parlamentuko presidenteak bozketaren atarian atzera egiteak agerian utzi zuen urte osoa markatuko zuen zatiketa hori.

Batzuek argudiatzen dute lehendik ere bazegoen zatiketa baino ez zela, independentziarako bi estrategia baino ez direla, eta oraindik ere elkarrekin daukatela gobernua. 155. artikulua indarrean zen, autonomiarik gabe zegoen Katalunia eta Espainiako indar nagusiak bat zetozen Katalunia zigortzeko: une batean, Ciudadanos bera bihurtu zuten inkestek —edo hedabideek— PPri aurre egin ziezaiokeen alderdi bakarra, PSOEren aurretik. Baina ustelkeria kasuek ekarritako zentsura mozioak hori guztia aldatu zuten. 155. artikulua babestu zuen PSOEren aldeko botoa eman zuten independentistek, eta hitz goxoekin hartu zituen presidente berriak. Tonu aldaketa berehalakoa izan zen, giro itogarri hartan askok estimatu zuten. Baina hitzak baino ez ziren. Moncloatik mugitzen dituzten hariek ekarri dutena:fiskaltzak eskatzen duen 25 urteko espetxe zigorraren ordez, Estatuko abokatuak gutxienez 14 urteko espetxe zigorra eskatzea Oriol Junquerasentzat. Espainiarrek Sanchezen jardunaz iritzia eman duten lehen aldian, zigortu egin dute, eta nazionalismo basatiena hauspotu, PSOEren baitan ere ondorio nagusia Kataluniarekin goxoegi jokatu dutela omen da. Hortik eskuinera, 155. artikulua era basatian ezartzeko mezuak datoz: epe luzekoa, eta TV3 ere kontrolpean hartuko duena. Espainiako errezeta zaharra.

Datorren hilean hasi nahi duten epaiketa 1968ko Burgosko Prozesuarekin alderatzea ez da hutsala, orduan bezala preso politikoek erregimena bera auzipetzea lortzen badute. Gose grebak isiltasun informatiboa izan du Espainian, ohiko itsutasuna, baina Jordi Turullena abiapuntua baino ez da. Egun gutxian are nabarmenagoak izango dira lau grebalariengan ondorio fisikoak. Gizartean tentsioa erabatekoa izango da, eta Espainiak ez dauka erantzunik, ohi duenez. Euskal Herrian badakigu zerbait muturreko protesta molde horri buruz; laster hasiko diren irainen aurrean, begirunea eta elkartasun osoa adierazteko unea da.

Ez dago iazko iraileko ilusiorik Katalunian. Amorrua eta haserrea dira nagusi. Katalanekiko begirune osoz, ez dut uste analisi okerregia denik xaloegi jokatu izana iriztea. Espainiako estatuaren erantzuna gutxietsi zuten, 1898tik parean daukan erronka handienaren aurrean tradizio demokratikoko Europako estatu batek bezala jokatuko zuelakoan. Katalunian lilura desagertu da, eta Espainian, ahalik gogorren jotzearen aldeko nazionalismo ultra eta xenofoboa sektore guztietan ari da zabaltzen. Ostiralean, iazko hauteskundeen urteurrenean Pedro Sanchezek Bartzelonan egingo duen gobernu bilerak protestarako dei ugari ekarri ditu. Tentsioa gora doa, eta polarizazioa erabatekoa da. Sezesio prozesu gehienetan dagoen fenomenoa da polarizazioa, zentroaren eta eskualde independentistaren arteko zubiak lehertzea, eta irtenbide bakarra sumisioa edo independentzia izatea. Eslovenian badakite zerbait horri buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.