Zientzia. ARGI ALDIAN

Mikrobiota gure osasunean

Asier Fullaondo.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Genetika irakaslea EHUn

Gero eta lan gehiago argitaratzen ari dira gure gorputzeko mikrobiotaren eta osasunaren arteko erlazioak bilatzen eta aurkitzen dituztenak, bereziki hesteetako mikrobiotarekin.

Baina zer da mikrobiota? Mikrobiota mikroorganismoen komunitateari deritzo, eta gure gorputzeko hainbat ataletan (ahoa, azala, hesteak,..) mikrobiota desberdinak ditugu. Mikrobiotak hainbat prozesutan parte hartzen du, eta gure hesteetan dagoenak garrantzi handia du osasunean. Hainbesteko garrantzia duenez, hainbat ikertzailek organo bat balitz bezala kontsideratzen dute. Gure mikrobiota bakterioz osatuta dagoenez, bizirik dago, eta gure bizimoduak mikrobiota alda dezake, onerako zein txarrerako. Aldatu esaten dugunean, bakterioen banaketaz hitz egiten ari gara; hau da, bakterioen espezieen arteko proportzioak alda daitezke.

Badira urteak telebistan iragarkiak daudela Bifidus-ez beteriko jogurtak eta Lacto bacillus duten esnekiak... Horrek guztiak gero eta garrantzi handiagoa du gure elikaduran, eta industria elikagai «modernoak» sortzen ari da; ez soilik gu elikatzeko, gure osasuna zaintzeko ere bai. Baina zer dago horren atzetik? Egiazkoak dira ideia horiek?

Berriki Nature Microbiology aldizkarian lan bat argitaratu dute gure hesteetako mikrobiotaren eta depresioaren arteko erlazioa azalduz. Ikerketa horretan aurkitu dute Coprococcus eta Dialister bakterio kantitatea txikiagoa aurkitzen dela depresioa duten gaixoetan, pertsona osasuntsuekin alderatuz. Ez hori bakarrik, aurkitu dutenez, hesteetako bakterioek sortzen dituzten hainbat konposatu kimikok eragina dute gure nerbio sisteman. Erlazio horiek garrantzi handia izan dezakete gaixotasun mota horien tratamendurako, bide berriak zabaldu daitezkeelako. Gizakietan lotura hori frogatzen duen lehen lana da hori. Ikertzaileek oraindik ez dakite nola eragiten duten hesteetako mikrobiotak sortutako konposatu horiek: odolak garraiatzen ditu? Hesteetako nerbioekin sortutako interakzioak eragina du? Antzeko beste hainbat galdera sortu dira, baina eragina badutela ez dute zalantzarik, nahiz eta eragina zenbatekoa den oraindik neurtu ez.

Lan horrekin batera, beste lan batek bestelako arlo bat aztertu du: jaten ditugun elikagaien eragina gure mikrobiotan. Lan honek aztertu du hain modan dagoen jengibre sustraiaren efektua. Aspalditik erabiltzen dute Asiako medikuntzan jengibre sustraia hainbat medikamentu eta infusiotan. Beti entzun izan dugu osasunarentzat onuragarria zela, baina nola eta zergatik ez zegoen argi. Lan honek ikusi du gure hesteetako mikrobiotak barneratu egiten dituela jengibre sustraiak dituen besikula batzuk, Lactobacillus rhamnosus espezieak, hain zuzen. Eta besikula horien barruan dauden miRNA molekulek bakterioen geneen adierazpenean eragina dutela saguetan: kolitis gaixotasunaren sintomak arintzen ditu.

Beraz, argi dago gure mikrobiotak zeregina duela gure osasunean, eta gure elikagaiek mikrobiota molda dezaketela. Esparru handi bat zabaltzen da gure osasuna hobetzeko. Hipokratesek esan zuen: «Izan dadila zure janaria zure botika, eta botika zure janaria». Eta ez zegoen oker, gure elikadura zainduz gure osasuna ere zaindu eta hobetu baitezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.