Jon Fernandez.
ANALISIA

Jitoan, eta inor ere ez laguntzeko

2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Eta orain zer? Itsasoko hizkera erabiltzearren, Sestaoko Naval ontziola jitoan dago oraintxe. Noraezean, eta laguntza emango dion inor barik inguruan. Funtsean enkante batean sartu da, likidazio fasean sartzearekin batera. Hau da, salmentan dago ontziola, eskaintzaile onenaren zain, biltzen den diruarekin hartzekodunei 150 milioi euroko zorraren zatiren bat pagatzeko.

Heriotza iragarritako baten kronika bizi dute Navaleko lantaldean jarraitzen duten 175 beharginek. Urtebete daramate hartzekodun konkurtsoan, ontziolarentzat heriotzaren korridore antzeko bat bihurtu denean. Iazko urriaz geroztik, langabezia saria kobratzen dute beharginek, eta enpresak osagarri bat ordaintzen die. Baina gastatzen ari dira ontziolaren kontu kutxako azken sosak, eta bi hilabete barru ez dizkiete osagarriak pagatu ere egingo. Orain, aldi baterako lan erregulazioan daude: hau da, ez dituzte kaleratu. Bi hilabete barru, ordea, kaleratzeko erregulazioa egingo du zuzendaritzak.

Ontziolaren jabeek —Murueta ontziola eta Ingeteam ingeniaritza konpainia bizkaitarra dira akziodun nagusiak— ez dute dirurik jarri nahi izan; urtebetean ez da inbertitzailerik agertu ontziola bereganatzeko; eta, Jaurlaritzak behin eta berriz dioenez, Europako Batzordeak eskuak lotu dizkie erakunde publikoei erreskate publiko bat egiteko. 1916an jaiotako ontziola azkenetan dago.

Pribatizazioa

Langileek diote «aukera bakarra» erreskate publikoa dela. Ez da debaldeko eskaria, non eta Navalen, zeina ontziola publikoa izan baitzen 1979tik 2006ra. Ontziolaren oraingo noraeza hobeto ulertzeko, atzera eta aurrera begiratu behar da aldi berean.

Lehenik, atzera. EBk ontziolak pribatizatzera behartu zuen Espainia mende hasieran. Madrilek erabaki zuen ontzi militarrak egiten zituzten ontziolak estatuaren zaintzapean mantentzea, eta ontziola zibilak pribatizatzea. Jose Montilla sozialista Industria ministroa zen garaian, 2006an, hiru ontziola publiko pribatizatu zituen, haien «etorkizuna eta bideragarritasuna bermatzeko»: bik porrot egin dute —Factoria Julianak Gijonen, eta Astilleros Sevillanak—; eta hirugarrena ere, Naval, itxierara bidean doa.

Langileek uste dute estatuak—dela Madrilek, dela Gasteizek— enpresaren gaineko erantzukizuna daukala; ezin duela hondoratzen utzi, beste aldera begiratuta.

2006an Muruetak eta Ingeteamek erosi zuten ontziola. Egia da harrezkero ekaitz handiak izan direla sektorean —besteak beste, tax lease finantzaketa sistema indargabetzea—, baina gainontzeko euskal ontziolek egin diote aurre enbatari, eta Navalek ez. Egia da Sestaoko ontziola askoz handiagoa dela tamainaz, eta itsasontzi handiagoak egiten dituela; baina enpresaren kudeaketa txarra gakoa izan da porroterako bidean. 2014tik aurrera, tax lease berriarekin, ontziak behar baino merkeago eskaini zituen, erosleak erakartzeko, eta sekulako zorra pilatu zuen. Bakarrik Texelstroom ferryaren eraikuntzan, 30 milioi euro galdu zituen.

Alternatiba sendoak

Begirada aurrera orain, soluzioen bila. Ontziolako 175 lanpostu zuzenak ez eze, inguruan Navalentzat lan egin ohi duten ia 2.000 enplegu ere kolokan daude, non eta Ezkerraldean, langabezia tasa handienen eskualdean. Enkantean dago ontziola, eta urtebetean ez da ageri inbertitzaile pribaturik, eta publikoek ez dute nahi.

Europako legediak asko zailtzen ditu kinka larrian dauden enpresak salbatzea, baina izan, badira salbuespenak. Emmanuel Macronen gobernuak, esaterako, iaz Bretainiako Chantiers de l'Atlantique ontziola nazionalizatu zuen «aldi baterako». Ez du erabat balio ispilu gisa, han ontzi militarrak egiten dituztelako, eta segurtasun argudioek salbuespena errazten dutelako. Galdera da ea Jaurlaritza salbuespen izan daitekeen, eta, batez ere, izan nahiko ote lukeen.

Finean, Naval agerian uzten ari da alternatiba sendorik gabeko desindustrializazioak zer-nolako ondorio gordinak dakartzan. Eta horretan bai, Jaurlaritzak badu zereginik. Apirilean, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Parke Teknologikoaren lehen harria jarri zuen Abanton, 2023rako zuzeneko 2.000 lanpostu sortzeko asmoa duena. Paper gainean zenbakiak baino ez dira oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.