Pastor
DARWIN ETA GU

Manhattan, haiek eta gu

2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Onintza Enbeitak Cheri buruz iazko urrian idatzitako zutabeak zer esana ematen segitzen du. Txaloak eta kritikak jaso ditu idazkiak. Eta egileak, hainbat irain. Jazarpena. Hori da desadostasuna agertzeko bidea?

Ez dut ukatuko: zutabea irakurri eta deseroso sentitu nintzen. Iñigo Aranbarrik igandean argitaratutako testuan ageri ziren datuek lagundu didate iraultzailea testuinguru historikoan jartzen. Che gazteak hau idatzi zuen Bidaia-oharrak liburuan, besteak beste: «Ni kanpoan geratu nintzen, katigatu nuen beltx batekin; 16 urterekin, oilo bat baino putagoa zen». Hitzak pentsaera matxista baten isla ziren. Geure garaiko seme-alabak gara. Inor ez dago zama horretatik libre. Che ere ez, Enbeitak adierazi zuenez.

Iraultzarik dago feminismorik gabe? Eta feminismorik iraultzarik gabe? Aurrerapauso handiak eman ditugu emakumeen eskubideen arloan. Hala ere, benetako berdintasuna lortzeko lana ez dago amaituta. Eta kontraesanak nonahi ditugu.

Habanan bizi den lagun batek azaltzen du, ironiaz, bere emaztea dela Kubako emakume feminista sutsuena. Matxismoaren sustraiak errotuta daude han, ezabatzeko borroka egiten ari diren arren: martxoaren 8a heldu eta «¡felicidades, compañera!» esaten diete gizonek emakumezko lankideei. Etxeko sofan jesarriko dira gero, andreak, hura ere lanetik etorrita, etxeko lanak egiten dituen bitartean. Obispo kalean edo Prado pasealekuan zoaz eta non entzuten duzun Iraultzaren ostean jaiotako morroi baten ahotsa, besapean Granma egunkaria duela, adurra dariola: «Niña, no corras tanto, que se te van a caer las nalgas» —«neska, ez egin hainbeste korrika, ipurmasailak eroriko zaizkizu eta»—. Ez dio 40 urteko emakume bati esan, jakina. Eta izkinan neska-mutil gazteak aurkituko dituzu, hemen ia desagertutako hitzak erabiltzen, benetan edo txantxetan: pájaro, mariquita

Ez, ez dira alderagarriak Kubako emakumeen egoera eta El Salvador edo Mexikokoenak, batez ere herritar xumeenak, baina (auto)kritika ezinbestekoa da. Erraza da feminismoa inperialismoaren arma dela esatea, baina haratago joan behar da. Baliteke nik Manhattan feminismoa deitzen diodana hala izatea: sex in the city, nire alua zakil guztien gainetik, eta zenbait aluren gainetik ere bai, nire duplexeko garbitzaile mexikar gajoa, alienatua dago morenita zozoa, ez dadila sobera kexatu, kale gorrira botako dut eta, baina haren mutil gihartsua, ufa! hormaren kontra jarriko banindu, gustura asko jango nuke 12 hazbeteko enchilada eta guacamole-a gero, hot, hot, hot, ze puta naizen, bustitzen ari naiz pentsatu hutsarekin. Ez, horiek ez dute Angela Davis-ekin bat egingo. Beltza delako. Eta terrorista ohia. Baina akaso ez dago beste feminismo bat?

Garaiak aldatzen ari dira. Geroko Euskal Herri independentea feminista izatea nahi dugu orain. Lehen, ordea, baztertua genuen kontua. KAS alternatibaren zein puntutan zegoen emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena? Genero borroka klase borrokari gailentzen ari zaio. Neoliberalismoa horretaz baliatu ahal da, noski. Baina horregatik kritikatu behar ditugu soilik feminismoa ardatz hartu duten andrazkoak? Ez genioke geure buruari galdetu beharko zergatik ez duten jadanik hain aise erosten borroka guztiak zaku berean sartu eta batera garatu behar direla dioen doktrina?

Nork izan nahi du langilea gaur? Non da klase kontzientzia? Neska bat McDonald's bateko langilea izan daiteke ikasle garaian —zapaldua— eta enpresari kapitalista gero —zapaltzailea, klase ikuspegitik—. Dena den, bizi den bitartean beti izango da emakumea. Mendekoa, genero ikuspuntutik. Zeren alde egingo du errazago?

Ez dakit feminismorik badagoen iraultza barik —Manhattan feminismoa ez dut benetako iraultzailetzat jotzen, baina zer egin Mendebaldean joera hori nagusituko balitz?—. Hala ere, argi daukat XXI. mendean ez dela izango benetako iraultzarik feminismorik gabe. Are gutxiago ahotsa altxatzen duen emakumeari «atso aho zikina» deitzen badiogu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.