gorka erostarbe leunda
VOYEUR ENEA

Bachata guztiak ez baitira berdin

2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte elkarrekin igaro ondoren, banatzea erabakiko dute Marcosek (Ricardo Darin) eta Anak (Mercedes Moran) El amor menos esperado filmean. Ez dute ageriko arrazoirik bizikidetza eteteko; errutinaren gurpilak bizipoza ostu die. Beste munduko arazorik ez duen bikote bat da.

Las herederas lanean, Chela (Ana Brun) eta Chiquitaren (Margarita Irun) arteko bikote harremana hondatzen ari da, batez ere haien egoera ekonomiko zailari aurre egiteko oinordekotzan jasotako ondasunak saltzen hasi zirenetik. Ez dute beraiek erabaki banatzea. Chiquita, bien arteko dinamikoena, espetxeratu egingo dute, iruzurra leporaturik.

Marcos eta Ana bizitza berregiten saiatuko dira, nor bere aldetik. Ez dute eragozpenik jende berria ezagutzeko, nork bere uneko desioak gorpuztu ahal izateko. Harreman berriek ez dituzte asebeteko; nahi bezala aldatu ahal izango dute aukeraz, ordea. Nekez agertuko dira pasio horien eszenak filmean; musu eta besarkada konbentzional gutxi batzuk.

Chiquita emakumeentzako presondegian dago, hango girora nola hala egokituz. Chelak bertan behera utzi beharko du burges txikiaren bizitza, eta andrazko aberats helduentzako taxilari hasiko da. Desio ezezagun bat sentituko du haietako baten alaba gaztearekiko, eta zinemagileak ausardiaz erakutsiko du desio hori; adineko emakumea masturbatu egingo da sekuentzia batean.

Anak Marcosi esango dio «Borges eta Freud gutxiago, eta bachata gehiago». Lehen filmak badu bachata. Bigarrenak ere bai, espetxean dantzatzen baitute. Baina bigarrenak Borges eta Freud ere biltzen ditu, besteak beste. Ana eta Marcos elkarrengana itzuliko dira; Chelak ihes egingo du.

Lehenak Sail Ofiziala estreinatu du. Bigarrena Horizontes Latinosen eman dute. Bachata guztiak ez dira berdin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.