Maider Galardi F. Agirre.
Donostiako 66. Zinemaldia. VOUYEURRENEA

Ibaiaren beste aldean

2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun

Vouyeur honek ere izan du tentazioa egunotan bere kidearen antzera Urumea ibaiari begira gelditzeko joan-etorrietan. Egin lezake ariketa hori; likidotasuna abiapuntu hartuta aztertzea Zinemaldian ikusitako filmetan nola deitu dion arreta pertsonaia bakoitzak baduela ertz bat baino gehiago, identitatearen deseraikuntza izan dela film askoren ardatza, eta, oro har, unean-uneko konexioak nagusitzen direla kontaketetan, harreman sendoak bainoago. Zygmunt Bauman soziologoak arrazoia izango zuen: gizarte likidoa da gurea, aldakorra, konbentzimendu argirik gabea eta, akaso, noraezean ere badoana.

Horren adibide da Ines Barrionuevoren Julia y el zorro filma. Artista ospetsua da Julia, baina, doluaren ostean, beharra sentitzen du azalberritzeko. Auzitan jartzen dira amatasuna, feminitatea, inoiz ezagun izandakoaren itzala, eta beste. Modu are tragikoago batean gertatzen dira identitate aldaketa horiek Julio Hernandez Cordonen Comprame un revolver-en. Andre izatea jasangaitza den Mexiko batean dago girotuta istorioa. Protagonistak bere identitatea ezkutatzen du maskara atzean. Bihar dok 13 dokumentalean, berriz, munduko bost leku diferentetako sukaldariak elkartu dituzte. Otorduetako platerek, identitateak baino, unean uneko identifikazioak iradokitzen dituzte. Mahaikideek bidaia egin dezakete Txinatik Kataluniara, Guatemalatik Euskal Herrira...

Vouyeur honek, ordea, Urumea ibaian ikusi du Kursaalaren isla. Ez da gutxiagorako. Fatxadako letra handiek gonbidatzen dute bidaiaria Zinemaldira, glamourraren alfonbra gorria zapaltzera, akreditazioa kolkoan egun osoan izatera, ausaz aktore ezagun batekin topatuko zaren ilusioa edukitzera. Eder ikusten da Donostia hori Urumearen gainaldean. Baina, ez ote den apur bat Nartziso. Hori ere etorri zaio gogora vouyeur honi olatu tanda batek Kursaalaren isla desagerrarazi duenean.

Maria Cristina hoteletik Kursaalera, egunean hiruzpalau aldiz gurutzatzen du zubia egunotan identitatea are gehiago aniztu zaion honek. Soineko apain batekin eta akreditazioa zintzilik, lana amaitzerakoan joan da Parte Zaharrera pote bat hartzera, eta ikusi du kartela; gaur hasiko da 10. Zinemaldi Alternatiboa. Non, eta okupatu berri den auzoko gaztetxean. Migrazioa izango dute gai nagusia, Antiguako Txantxarreka gaztetxean duten salbuespenezko egoerak hala inspiratuta. Eta vouyeurrak pentsatu du hobe luketela batzuek begirada Urumeatik altxatuko balute...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.