martxelo otamendi
ANALISIA

Zer boto emango dute PSOEko europarlamentariek?

2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Kontuz ibili beharko du ERCk estatuaren aldetik jarriko dizkioten amuekin, azken hamar urteotan Katalunian gertatu den independentzia prozesuaren bultzagile nagusietako bat izatetik Espainiako politika kudeatzera igaro litekeelako ia batere ohartu gabe. Duela kanpaina gutxi «Hauek izango dira Espainiako gure azken hauteskundeak» esatetik Espainiako gizarte politikak negoziatzera oso tarte handia dago, prozesu horrek sortzen dituen urdail minak pilula batekin konpontzeko.

Zer gai nagusi ageriko izan ditu ERCk mahai gainean hilabete honetan, PSOErekin edukitako etengabeko elkarrizketetan? Irtenbide bat ematea espetxean eta atzerrian dauden buruzagiei, errepresioaren bukaera, eta arazo politikoari aterabide politikoa emango dion mahai politikoa.

Kartzelan eta atzerrian dauden buruzagien askatasuna ez dago Espainiako Gobernuaren esku, Sanchezek berak nahi ez duelako. Fiskaltzari zer egin behar duen inposatu ezin dion argudio faltsuan babestuta, Sanchezek hilabeteak daramatza ortziari begira txistuka. Estatu auzietan, Kataluniakoa da Espainiak hamarkadetan eduki duen larriena; presidenteak nahi badu, fiskaltza gobernua da, eta gobernua fiskaltza da. Beste horrenbeste Auzitegi Gorenarekin eta beste auzitegiekin, urteetan Emilio Botin bankariaren auzian eta beste askotan ikusi dugun legez. Prozesuaren epaiketan, Oriol Junquerasentzat, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik hamabi urteko kartzela zigorra proposatu zion Sanchezen beso juridikoak, estatuaren abokatuak, epaimahaiari. Hamahiru urtekoa ezarri zion Gorenak, ez dezagun inoiz ahaztu, erreferendum bat antolatzeagatik.

Zer proposatu du berriki estatuaren abokatuak Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Junquerasen immunitateaz ebazpena eman duenean? Onar diezaiotela Junquerasi eurodiputatu izaerak ematen dion immunitatea, baina, hor dago Espainiako Gobernuaren benetako jokabidea, Europako Parlamentuak ahalik eta azkarren kentzea immunitatea Junquerasi. Jarrera horrekin, zer espero du ERC Sanchezengandik?

Errepresioari bukaera ematea da ERCren bigarren eskaera. Erantzuna erraza dauka Espainiako Gobernuak, hau da, ez dezatela independentziazaleek ezer larririk egin —erreferendumera berriro deitu, muga eta bide mozketak, aireportua eta azpiegitura garranzitsuak blokeatzea, intsumisio fiskala…—, eta ez da errepresiorik egongo, ez polizialik ezta juridikorik ere. Independentzizaleek daukate, zoritxarrez, errepresioaren giltza.

Hirugarren eskaera mahai politikoa da, konpondu beharreko arazoa politikoa denez. ERCk oso ondo daki, autogobernuaren eztabaidan, noraino luza litekeen txiklea Espainian. Eta oso txikle lehorra da, pixka bat tiratuz gero oso erraz hausten dena. Zein da Sanchezen eta estatu egituren estrategia? ERC entretenituta edukitzea, sekula bukatuko ez diren elkarrizketetan korapilatzea, arazoa leuntzen joango den esperantzan. Benetan espero du ERCk ezer lortuko duela elkarrizketa mahai horretan, azken hamarkadan ERCk berak ere bultzatuta indepedentziaren alde bere ordu libre guztiak horretara dedikatuta, modu eredugarrian, denetarik egin duten milaka eta milaka herrikideei aurkezteko modukoa? Ez dezatela independentziazaleek gal gehiengoa Kataluniako Parlamentutako hurrengo hauteskundeetan hiru eserleku galtzea aski—; orduan ikusiko dute zenbat irauten duen Sanchezen mahaizaletasunak.

Mahai horren beste helburu bat, ez horren agerikoa: ERCren eta PSOEren artean giro samurra sortzea, Kataluniako hauteskundeen ondoren Pasqual Maragall eta Jose Montilla presidente sozialisten hirukoetara itzultzeko: ERC, PSC eta Comunak. Oraingo honetan, hauteskundeak irabaziz gero, lehendakaritza ERCri onartuta.

Fidagarria da Sanchez? Azken hilabeteetan esan duenari erreparatuz gero, ez du ematen. Hilabete batzuetan plurinazionalitatearen defendatzaile moduan jardun ondoren, ahaztu egin zitzaien sozialistei gai hori azaroaren 10eko hauteskundeetako programan sartzea. Eskerrak, oso azken orduan, komunikabide batzuk ohartu ziren, eta PSCkoek aukera eduki zuten presioa egiteko sar zezaten. Kanpaina bereko telebista saio batean proposatu zuen Sanchezek Zigor Kodean sartzea erreferendum ilegalak antolatzea. Azaroaren 10eko garaipenaren ondoren, Pablo Iglesiasekin adostutako dokumentuan zioten Katalunian elkarbizitza arazoa zegoela, ERCren haserrea piztuz. Agiri berean zioten irtenbidea Espainiako Konstituzioaren barruan lortu behar zela. ERCren eskariz, elkarbizitza arazoa zena «arazo politiko» bihurtu zen, eta konstituzioaren ordez «indarrean dagoen legeria» erabiltzen hasi ziren. Sanchezek, Groucho Marxek bezala, beti dauka bigarren eskaintza bat, aurrenekoa maite ez baduzu. Oso arina ematen du Sanchezek, azken orduko inprobisazioetara jokatzen ohitua.

ERCk, eta Kataluniako beste eragile politiko independentziazaleek, egingo dituen urratsak estuki lotuta daude oraindik argitu gabe dauden galdera batzuen erantzunekin. Behin Quim Torra presidentea inhabilitatuz gero, zer erabakiko du JxC-k? Lehendakariorde Pere Aragonesi, ERCkoa bera, bidea zabaldu behin-behineko lehendakari izan dadin? JxC-ko bat jarri ERCri protagonismo hori ez emateko? Hauteskundeak aurreratu?... Izango du aukera Carles Puigdemontek, europarlamentariaren txartelaren jabe, hauteskunde horietara aurkeztuta kanpaina Katalunian egiteko?

Bada beste galdera bat PSOEk erantzun beharrekoa. Aurki Junqueras inhabilitatzeko eskatuko dio Espainiako Auzitegi Gorenak Europako Parlamentuari. Eskaera hori parlamentuko batzorde batetik pasatuko da, batzorde horrek ebazpen ez-lotesle bat emango du, eta azken erabakia parlamentuko osoko bilkurak edukiko du. Egun hori iristen denean, Junquerasen inhabilitazioaren aldeko botoa emango al dute PSOEko europarlamentariek? Saiatuko al dira PSOEko europarlamentariak gehiengoa osatzen, Junquerasi inhabilitazioa ken ez diezaioten? Sanchezek esan lezake, inork sinetsi nahi badio egin dezala, ezin diela agindu magistratuei eta fiskalei zer egin behar duten. Ezin izango du hori esan bere alderdiko europarlamentariengatik.

Bazeukan ERCk beste aukera bat, ez arriskurik gabekoa. Hauteskundeen biharamunean, emaitzak ikusita, aurreratzea abstenitu egingo zela Sanchezen izendapenean, baina ezer negoziatu gabe, argudiatuz ezin duela mamizko ezer espero Sanchezek ordezkatzen duen estatutik. Berretsi independentziaren bidea, eta alderdi horrek askotan aipatu eta sektore independentziazale askotan injustuki kritikatu dioten estrategiari ekin: independentziaren aldeko oinarria—%48koa da orain— zabaldu.

PSOEk, eta estatu egiturek, ez dute horrelako ERC nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.