Xabier Arzalluzen heriotza. IRITZIA

Politikari handia

Iñaki Anasagasti
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Zaildutako politikari bat joan zaigu: Xabier Arzalluz Antia. Politikari handi bat. Arrastoa utzi du, utzi duenez.

Artean Venezuelan bizi nintzela ezagutu nuen nik. Gabonetan etortzen nintzen Euskadira, eta Luis Mari Retolazaren etxean izandako bilera batean Deustuko Unibertsitateko irakasle bati buruz hitz egiten zidaten: Arzalluzi buruz. Modu horretara ezagutu nuen. Gero EAJren BBBn harekin batera egon nintzen, 1977tik aurrera. Arzalluzekin harremanik handiena, ordea, neu Kongresuan alderdiaren eledun izandakoan eduki nuen. 1986an ekin nion lan horri, eta hura handik urte erdi batera jarri zen berriro EBBko presidente karguan. 2004an utzi zion buruzagitzari, eta neuk ere urte berean laga nion Kongresuko lanari. Beraz, oso hartu-eman estua izan genuen ia hogei urte haietan. Astelehenero eta ostiralero, behintzat, elkarrekin egoten ginen. Esaten zidan politikan ideiak garbi izatea eta pertseberantzia izatea dela garrantzitsuena; defenditzeko beti neure ideiak, pasioz.

Hura EBBko buru zela eta ni Kongresuan eledun, Moncloan PSOEren eta PPren garaiak ezagutu genituen. Eta PPrekin Genovan sinatutako akordioa gogoan izango du jendeak. Jaime Mayor Orejak deitu zidan telefonoz orduan, prentsaurrekoa Sabin Etxean eman behar zela esanez. Aipatu nion hori Arzalluzi, eta azkar erantzun zidan PPkoek ez zutela zapalduko Sabin Etxea, eta nahiago zuela geu joatea haien egoitzara, Madrilera. Arzalluzek sedukzio gaitasun handia zeukan, eta hori gabe ezin da ulertu 1996an PPrekin egindako ituna.

Baina Madrilgo gorabeherak gorabehera, Euskadiren historia ezin da ulertu Arzalluz bezalako figura politiko bat gabe. Espainiako Konstituzioaren negoziazio prozesuan demokrazia eta Euskadiko interesak defenditu zituen, eta Gernikako Estatutuaren negoziazioaren pisua ere eraman zuen. Politikari posibilista zen. Eta oso gizon kultua zen, baina ez bakarrik jesuita izan zelako; abokatu izan zen, Alemanian bizi izan zen, hizkuntza asko zekizkien, oso egoera desberdinak bizitakoa zen, meategi batean lan egina zegoen, irakaslea izan zen... Oso zaildua zen, ez gaurko politikari asko bezalakoa.

EBB utzi ondoren, politikagintzako lehen lerrotik erretiratu egin, nahiz eta jarraitu, jarraitzen zuen. Asko irakurtzen zuen. Baratze bat zeukan, eta han aritzen zen; gustukoa zuen. Bilbon pasiatzen ere ibiltzen zen; neuk halaxe ikusi zuen azkeneko aldiz.

Joan zaigu Xabier. Politikari handi bat. Eta, nire ustez, hemen izan den hizlaririk onenetakoa; primerakoa. Jose Antonio Agirre lehendakariaren ondoren, hura izan da hizketan onena. Eta, bere ibilbide luzearen ondorioz, beti zekien noiz geratu behar zuen eta noiz estutu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.