Pastor
DARWIN ETA GU

Beethoven-en (ustezko) alaba

2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ludwig van Beethoven jaio zela 250 urte beteko dira aurten. Beethoven urtean hainbat ospakizun izango dira munduan zehar. Juri Reinvere konpositore estoniarrak bere ekarpena egingo du hilaren 25ean: Minona opera aurkeztuko du Ratisbonan (Alemania).

Reinverek asteon Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariari esan dionez, Beethovenen (ustezko) alabaren izena da Minona. Haren iritziz, Josephine Brunsvik-Stackelberg andrearen eta jeinuaren arteko erlazio luzearen fruitua izan zen neska. 1812an bere gizonarengandik bereizteko enperadorearen baimena lortu zuen, azkenean, Josephinek. Alta, Beethovenekin Pragan uztaileko gau bat pasatu ostean, korrika itzuli zen artean ofizialki senarra zuenarengana, harekin hainbat lasterren oheratu eta jaioko zen umeari legezko babesa emateko.

Fideltasun sexualaren gaia agerian dago Reinvereren lanean. Hainbat ikerketa egin dira desleialtasunari buruz. Helen Fisher biologia antropologoak adierazi duenez, monogamia giza erreprodukzioaren estrategiaren zati bat da, baina fideltasun eza oso hedatua dago: AEBetako heterosexualen artean, gizon ezkonduen %20-40k eta andrazko ezkonduen %20-25ek izango omen dute amodio-aferaren bat. Sexuari buruzko estatistiketan kontuz ibili behar da, baina. Gizarte baldintzatzaileetan oinarritutako teoria batek hauxe dio: gizon batek zenbat andrerekin oheratu den esaten duenean, kopuru hori hartu eta, badakizu, zati hiru egin. Emakume batek bere kopulatzaile kopurua aipatzen badu, aldiz, hiruz biderkatu.

Fisherren arabera, hiru funtsezko burmuin sistema ditugu, amodioari lotuak: libidoak besteekin larrutan egitera bultzatzen gaitu; maitasun erromantikoak, aldiz, pertsona jakin batekin mugatzen du sexua. Azkena atxikimendua da: bikotekidearekin segitzera eramaten gaitu, ume bat gutxienez haurtzaroko lehen urteetan elkarrekin hazteko denbora izateko. Hiru sistemek elkarrekin funtzionatzen dute, eta gure erabakiak baldintzatu. Esaterako: bikotekideari adarrak umea jaio eta berehala ipintzea edo handik 25 urtera. Funtsean gauza bera dira, baina une eta egoerak desberdinak ditugu. Edo harremana uztea pentsatzea, azkenean ausartu ez arren. Adibidea ez da asmatua, gizonezko baten ahotik entzuna baizik: «Baina nora joango naiz ni orain, adin honekin?». Eta aurpegi edo gorputz horrekin.

Zenbat buru, hainbat aburu. Adituen iritziz, hiru desleialtasun mota daude: sexuala —larrutan egitea lotura erromantikorik gabe—, erromantikoa —lotura erromantikoa sexurik gabe— eta desleialtasun sexual eta erromantikoa. Fisherrek dioenez, gauza bat argi dago: desleialtasuna garai eta kultura guztietan dugu, nahiz haren kontrako iritzia «ia unibertsala» den. Gauzak horrela, hobe ez dramatizatzea. Esther Perel psikoterapeuta flandriarraren ustez, «gehiegi» idealizatu dugu bikote leialtasuna. Afera batek ez luke zertan harremanaren bukaera izan. Halakorik berriro ez gertatzeko lan egitea da konponbidea.

Leialtasuna, desleialtasuna. Mario Benedetti Uruguaitik erbestera joan zenean, emaztea, Luz López, Montevideon geratu zen, bien amak zaintzeko. Benedettik hamar urte eman zituen atzerrian. Hamar urte larrutan egin gabe denbora luzeegia da gizon batentzat. Ados. Andre batentzat ez, ala? Gertatu zena gertatu zela —ezer gertatu baldin bazen—, ez zen desleialtasun erromantikorik izan. Uruguaira itzuli eta emaztearekin bizi izan zen poeta. Luz alzheimerrez gaixotu zenean hura zaindu zuen, 2006an zendu zen arte. 60 urte igaro zituzten ezkonduta. Benedetti hiru urte geroago joan zen.

Zenbat adar, hainbat negar. Desleialtasunaren mamuak batzuetan noraino heltzen diren azaldu zion Bartzelonako lagun batek Quim Monzori: 80 urte pasatuta zeuzkan gizon batek autobusa hartzen zuen goizetan ondoko herrira joateko. Emaztea eta bera han bizi izan ziren gaztetan. Ordutik zituen adar-susmoak. Horregatik, herri horretara itzultzen zen tarteka, andrea amorantearekin behingoz aurkituko zuelakoan. Alferrik. Inoiz ez zituen harrapatu. Emaztea urte batzuk lehenago hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.