martxelo otamendi
ANALISIA

Goreneko liburutegian barrena

2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Kataluniako independentzia prozesuaren buruzagiak Goreneko auzi aulkian esertzen diren gela nagusitik oso gertu dago auzitegi horretako liburutegia. Areto handia da, eta liburutegi eder eta klasikoetan bezala, eskuko eskailera behar da goiko apaletan dauden liburuetara iristeko. Epaiketak irauten duen bitartean, auzi aretoan sartzen ez diren kazetarientzako lan lekua paratu dute Goreneko arduradunek. Ia hutsik dago gela, epaiketaren hasieran aretoa bete zuen kazetari multzo haren arrastorik ez baitago. Liburuak, Espainiako Auzitegi Gorenean gaude, zuzenbidearen gainekoak dira, lokalizatzeko zenbaki bat daramate erantsita. Oso titulu iradokitzaileak aurki litezke apal beteetan:

«Ederra al da Zuzenbidea?» (19018). Gustu txarreko broma eman lezake, ondoko gelan Kataluniako herritarrei haien etorkizuna erabakitzeko tresna eskaintzeagatik urte askotako zigor eskaerei aurre egin behar dieten buruzagi instituzional eta sozialak epaitzen ari direnean. Ederra bai, baina ez auzipetu horientzat. Ederra, zuzenbidea justizia egiteko erabiltzen denean izango da, ez politikaren bidetik konpondu behar dena alde bateko auzitegi bati konpontzea, izorratzea, enkargatzen zaionean.

«Zigor sistemaren funtzioak eta miseriak» (19535). Hiru auzipetu salbu, beste guztiek urtebete baino gehiago daramate behin-behineko espetxealdian, abusu—«miseria», liburuaren tituluan— nabarmen baten biktima. Legelari askok salatu dute neurriz kanpokoa dela espetxean horren denbora luzean edukitzea auzipetuak, neurri hori justifikatzen duen arrazoirik betetzen ez delako. «Etsaiaren zuzenbidea» da zigor sistemaren miseriarik handiena, zuzenbidearen oinarrizko arauak hautsi eta epaitu behar den herritarra automatikoki etsai bihurtzen duelako. «Terrorismoaren aurka borroka egingo du justiziak», zioten ETAren garaian Gorenaren parean dagoen Auzitegi Nazionaleko magistratu askok. Bakar bati entzun genion epaileak ez zeudela «terrorismoaren borroka egiteko, baizik eta justizia egiteko».

«Legelari katalanak zigor sisteman» (19538). Paradoxazko titulua. Badirudi zigor sistemari ekarpenik interesgarrienak egin dizkioten legelari katalanen bilduma izango dela liburua, legelari horien meritua goratzeko. Buruzagi independentziazaleen aurkako auzi nagusiak Bartzelonako Lurralde Auzitegian, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean eta Gorenean ari dira ikertzen, lehen bi kasuetan, eta epaitzen, azkenekoan. Nahiz eta foko mediatikoa Madrilgo bi auzitegi horietan jarrita dagoen, Bartzelonako kasuan, 13. instrukzio magistratuak daramatza ikerketak, oso bat eginda estatuaren interesekin. Independentzia prozesuan parte hartu zuten dozenaka eragile ari da ikertzen orain, gero zigor areto baten esku uzteko. Kataluniak bere justizia sistema propioa edukiko balu, prozesuaren karpeta judiziala aspaldi egongo zatekeen itxita. Baina Espainian botere judiziala autonomizaezina denez, Kataluniako legelariek Goreneko liburutegian segitu beharko dute, atera ezinik liburuan harrapatuta.

«Boterearen mugak» (19534). Espresio ederra da liburu bati titulua jartzeko, baina ondoko gelan auzipetuekin gertatzen ari dena ikusita, gustu txarrekoa eman lezake. Neurriz kanpo jardun dute Espainiako botere judizialak, politikoak eta polizialak Kataluniako auzian. Urriaren 1eko errepresio irudiek adierazten dute hobekien botereak mugarik gabe jardun duela Kataluniako auzian. Epaiketan, herenegun, komandanteak argi onartu zuenez, galdeketa adostua lortzeko ahalegina egin zuten epaituek ezinezkoa zela ikusi zuten arte. Horregatik abiatu zuten alde bakarreko prozesua legebiltzarrean zeukaten gehiengoa baliatuta. Botereek oso gogor erantzun zuten: errepresioa, hauteskundeak aurrerarazteko presioa, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulu inbaditzailea indarrean jarri, hauteskunde aurreratuak... Erraz ulertzeko moduko mezua bidali zuten botereek, alegia, horixe dela estatuaren egituren erantzuna orain, baita geroago ere berriro ekinez gero.

«Damutua» (19290). Horrela ikusi nahiko lituzkete askok prozesuko buruzagiak, eta azken hamarkadan mundu erdia Kataluniara begira jarri dituzten milaka eta milaka herritarrak. Egindakoaz damututa, epaileen aurrean belauniko barkamena eskatzen. Auzipetuek, eta erbestean daudenek, onartu diete herritarrei, batzuek argiago eta besteek ez horren argi, gauza batzuk ez zituztela ondo egin, aurreikuspen akats handiak egin zituztela, ez zutela neurtu Espainiako botereen erantzun bortitza, ez zutela itxaron gehiengo zabalagoa eduki arte... Baina ez dira egindakoaz damutuko, oso harro daudelako Kataluniako prozesua nazioarteko agendan jarri izanaz, nahiz horregatik hurrengo urteak espetxean igaro behar izango dituzten. Katalanen kasuan, alferrik daukate liburu hori Goreneko apaletan.

«Bitartekaritza, errealitate eta erronka berriak» (17914). Liburu hau ere alferrik daukate Goreneko liburutegian botere judizialeko kide askok eta, bereziki, Espainiako Gobernuak. Mundu osoko arazoak edo indarrez eta bitartekaritzaren bidez konpondu ohi dira. Mende askotan indarra erabili den bezala, azken hamarkadotan bitartekaritzak erraztutako negoziazio orekatuaren bidea erabiltzea hobetsi da kasu askotan: Quebec, Ekialdeko Timor, Eskozia, Montenegro, Kosovo, Kolonbia, Kaledonia Berria... Salbu Katalunian. Oraingoz, eta luze joko du, ez dago ez bitartekaritzarako eta negoziaziorako aukerarik Espainian.

«Fiskal ikertzailea epaile instruktorearen aurka» (17221). Zientzia fikziozko liburua Kataluniako auzian ikusten ari garenez, denbora guztian eskutik helduta doazelako justiziaren bi oinarri horiek. Ez daukate kontraesanik, funtzio bera betetzen dutelako: estatuaren erabaki gogorraren modistak dira.

Bitartean, aurrera segitzen du epaiketak ondoko aretoan. Deklaratzen ari diren poliziek liburu bakarra irakurri bide dute azkenaldian, fiskalak prestatu dien eskuliburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.