urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Lekuak eta orduak Polinesian

2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Leku-izenak genituen hizpide duela astebete, Mazedoniaren izen aldaketaren harira. Ohikoena, zatia izatetik osotasuna izendatzea da: Ipar zein Hego Koreak Korea bakarrik deitzen diote euren buruari. Era berean, zuek lerrook irakurtzerako eguna amaitzear izango garen herrialde honek mendebaldeko zeritzon bere buruari 1997ra arte, harik eta Samoa soilik izendatzea hobetsi zuen arte. Hiru uharte nagusietatik bi hartzen ditu, hirugarrena eta ekialderen dagoena Amerikar Samoan. Bi aldeetan egiten dute samoeraz, baina bateko ingelesak britainiar kutsua du —Australia eta Zeelanda Berrikoa, zehazki —, eta besteak, bistan da, Estatu Batuetako azentua dauka.

Europako Batzordeak ordu-aldaketari eutsi ala ez hausnartu du egunotan. BERRIAren infografia bikain horietako batek Europako ordu-zonak erakusten zizkigun, zelan Euskal Herria Londres baino mendebalderago dagoen, baina ekialderago balego legez —goizago argitu eta ilunduko balu legez— bizi gara britainiarrak baino ordubete aurrerago. Londres baita, Greenwich zehazki, munduko zero ordua, GMT laburtuta, 1884tik. Ordubete aurrerago egon, eta udaberritik beste ordubete aurreratzen ditugunez erlojuak, GMT+2 daude Euskal Herria eta Europako zati handiena orain bertan.

Samoa, berriz, Euskal Herritik hamaika ordura dago orain bertan, hau da, eguerdian irakurtzen baduzue, gaueko hamaikak hemen Samoan. Eta Euskal Herria GMT+2 dagoenez, 2+11= 13 ordu dago GMTtik, zeina kontraesana den mendebaldar ikuspegitik: Greenwich meridianoa munduaren zero ordua bada, ordu horretatik hamabi aurrera edo atzera egon zintezke, baina betiere 24 orduen bueltan. Bada ez, Samoa, hamahiru gehiagora dago. Zentroa eta periferia aldatzen ari dira, izan ere. Honaino ekarri gaituen Fiji Airwayseko aldizkarian Pazifikoko uharteak daude erdi-erdian, Londres, Paris eta enparauak orri bikoitzaren ezker-ezkerrean ageri dira, argitalpenetik irtetear. Metropoliak bazterretan. Australiako hiriren batean ere erreparatu genion: kaleetako seinaleak, ingelesez ez ezik, lau hizkuntzatan zeuden, eta horietako bat ere ez zen europarra.

Galiziarrek argi ei dute independente izatekotan —eta izan gabe ere— ordubete atzerago beharko luketela. Horrek, bidenabar, Portugalgo ordutegiarekin bat egitea ekarriko lieke. Baina gure nazio txikian bi ordu eremu izatea baino, nahiago ordubete oker ibiltzea orain arte bezala.

Samoako kasua oso berezia da. 50 kilometro dira Upolutik (Samoa independentea) Tutuilara (Samoa amerikarra), ordu erdi inguruko hegaldi laburra, edo itsasontziz sei orduko bidaia Apia eta Pago Pago hiriburuen artean. Igandean arratsaldeko hiruretan aireratu, eta hirurak eta erdietan lur hartu... larunbatean. Greenwichetik urrundu ahala uneren batean orduek bat egin beharra dute, eta nazioarteko data-aldaketa Samoa bien artetik igarotzen da. Hau da, posible da Gabon Zaharra Samoa independentean ospatu, Urteberri egunean esnatu, hegaldi labur bat hartu eta atzera ere Gabon Zaharrean egotea Amerikar Samoan.

Ez da beti horrela izan. 2011 arte Samoan «amaitzen» zen eguna... eta mundua. Uhartean mendebalderen dagoen Mulinuu lurmuturrean badago X bat harkaitzetan margotuta, ordura arte «munduko azken lekua» zena markatzeko —eta turisten sosak lortzeko—. Mulinuutik «etorkizuna» ikusten zela esaten zen, handik mendebalderako lurraldeak biharamunean baitzeuden. Baina 2011ko abenduaren 29an amaitu zen hori guztia. Ostirala zen, gauerdia heldu zen... eta igandera jauzi egin zuten, abenduaren 31ra. Ez zen abenduaren 30ik izan Samoan.

Urte batzuk lehenago, antzeko erabaki salomonikoa hartu zuten: egun batetik bestera guk bezala eskumatik gidatzetik ezkerretik egitera aldatu zuten. Motiboa: XX. mendean Estatu Batuetara begira egon ziren bitartean, gaur egun Australiarekin, Zeelanda Berriarekin eta Asiarekin dituzte harreman gehien, eta bolantea eskuman dutela iristen dira Japonia, Korea zein Indiako autoak. «Ostiralean lanean ari garen bitartean, asteburua dute Australian; eta igandean mezetan gaudela, lanean ari dira dagoeneko» esan zuten egun aldaketa justifikatzeko. Polemikarik ere ez zen falta izan: oso herrialde erlijiosoa da Samoa, eta gobernuak ez ei zeukan zilegitasunik Jaunaren eguna zein izango zen bere kabuz hautatzeko. Baina pragmatismoa nagusitu zen. Mendebaldeko samoarrak mezetara joan eta 24 ordura joaten dira AEBren menpekoak elizara. Egoera koloniala dute, baina estatubatuar herritartasuna ere bai, gehienentzat ikasketak amaitu ostean armadan sartzea besterik esan nahi ez badu ere. Besteek Ozeaniako lehen estatu deskolonizatua eratu zuten 1962an, egun ia Samoan bezainbat samoar egon arren Zeelanda Berrian lanean.

Ez da munduko gauza garrantzitsuena, baina burujabe izateak dituen onuren artean dago munduko mapan nazioarteko data aldatzea, zure naziokideengandik biharamunean biziz, eta Greenwichetik hamahiru ordu aurrerago egotea, etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.