urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Chuuk eta Bougainville

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortu zenetik, inoizko tarterik luzeena darama New Yorkeko Batzar Nagusiak estatu berri bati dagokion aulkirik jarri gabe. 193 aulki daude, eta kide ez diren bi estatu behatzaile: Vatikanoa eta Palestinako Estatua. Baina azken aulkia Hego Sudanek lortu zuen, 2011n. Zortzi urte beteko dira laster.

Geroztik Eskozia egon da hurbilen, 2014ko erreferendumean. Iraken menpeko Kurdistan eta Katalunia ere saiatu dira. Puerto Ricon sarritan egin dute estatusari buruzko galdeketa; oso babes txikia lortu arren, beti dago independentzia bozkatzeko aukera. Eskozian, brexit-aren azken emaitzaren zain daude; baina urrats garrantzitsua iragarri dute egunotan: Eskoziako moneta sortzea. 2014ko akatsetako bat libera esterlinarekin segitzea proposatzea izan zen. Posible da beste estatu bateko dirua erabiltzea, noski —Ekuadorren dolarra dago; Montenegron euroa—, baina horrek bestearen banku zentralarekiko menpekotasuna ere badakar; independente zara, baina aski dependente.

Gaia ikertu ohi dugunok Ozeanian dugu begirada, batzuentzat izena ere ezezaguna den uharteetan. Kaledonia Berriko erreferenduma iazko azaroan egin zen, eta inork espero ez zuen emaitza lortu zuen kanak independentismoak. Datorren urtean bigarren galdeketa baterako hauspotu ditu, eta atezuan jarri du Noumea inguruko unionismoa. Maiatzaren 12ko bozak oso garrantzitsuak izango dira.

Beste bi erreferendum daude—zeuden— deituta eskualde berean aurten. Bata etzi bertan, bestea ekainean, txoko horretan aspaldion sarritan aipatu dugun legez. Atzetik hasita, Papua Ginea Berritik bereizi ala ez Bougainvillen ekainean egitekoa zenak dauka gailentzeko aukera handiena. NBEko itxaron zerrendan gonbidaturik balego, Bougainville litzateke hori zalantzarik gabe, gerra odoltsu baten ostean bi aldeek adostutako —eta beraz metropoliak erabat onartzen duen—erreferendum batek ebatziko baitu emaitza. Eta horrelako tragediak gertatzen direnean, Hego Sudanen gertatu bezala, biztanle ia guztiek independentziaren alde egin ohi dute. Bertie Ahern Irlandako Errepublikako lehen ministro ohia da Bougainvilleko galdeketa antolatzeko batzordeko burua, baina herenegun jakinarazi zuten azken asteotan bolo-bolo zebilena: boto-emaileen errolda osatzeko beharrezko dirurik ez zela bildu orain arte, eta ezinezko dela ekaineko datara iristea. Urrira arte atzeratu dute, beraz—2020a da azken data, bake akordioen arabera—.

Beste galdeketa nahasiagoa zen, baina etzi bertan zuen data jarria Chuuk uharteak, Mikronesiako hauteskundeekin batera. Gaztelarentzako lanean zebilen euskal marinel batek baino gehiagok nabigatutako uharte txiki horietako asko Espainiaren menpe egon ziren XIX. mendera arte; II. Mundu Gerraren ostean Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eraginpean egon dira. Formalki independente bihurtuta ere oso lotura berezia dute Washingtonekin, Ozeano Bareko eremu zabal baten kontrola ematen baitie. Trukean, diruz laguntzen ditu Washingtonek, eta uharteotako herritarrek AEBetan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea dute. Mikronesiako federazioko artxipelago jendetsuena da Chuuk—biztanleen erdia du—, baina ez du hiribururik, eta ekonomikoki eta politikoki baztertuta dagoela salatzen du. Sezesioaren teorikoek diote horrelako kasuetan —sezesioa nahiko lukeen komunitatea estatuko talde etniko nagusia denean— bereiztea baino errazago dela talde hori estatuaren jabe egitea: neurri baten hori egin dute Flandrian, Belgikatik bereizi gura izatetik Belgikaren kontrola izatera. Chuuken ezin jakin hori gertatuko den, baina baditu ñabardura interesgarriak: AEBek dagoeneko gaztigatu die libre direla independentzia bozkatzeko, baina Mikronesiarekin duten hitzarmenik ez dutela berrituko estatu berri bat sortzen bada. Gertatzen dena da 2023an amaituko dela hitzarmen hori ere, berritu ezean. AEBek ez daukate Gerra Hotzeko eta Vietnamgo gerrako interes bera Pazifikoan, baina Txinarentzat ere interesgarri izan liteke AEBek baztertutako estatu independente txiki bat egotea, bere babesa emateko. Eta Washingtonek badaki hori.

Lehen galdeketa 2015erako iragarri zuten Chuuken, eta atzeratuz joan dira. AFP agentzian Mikronesiako Gobernuak esandakoaren arabera, denbora behar dute herritarrak informatzeko eta erreferendumari buruzko legezko ikerketa egiteko. Egungo proposamena legez kanpokoa dela ere esan du, konstituzioaren aurka dagoela. Ezaguna zaizue kanta hori, ezta? Baina badu honako ondorio interesgarri hau ere: egun legez kanpokoa denez, konstituzioak ahalbidetzen ez duenez, baina era berean urtez urte ageri den eskari garrantzitsu bat dagoenez, konstituzioan aldaketak egingo dituzte orain bertan legezkoa ez den galdeketa hori posible izan dadin. Ia antipodetan dauden herrialdeetan ere ulertzen baitute legearen eta herritarren erabakiaren eta borondatearen arteko talkan norantz jo behar duen gobernu batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.