Imanol Magro Eizmendi.
IRITZIA

Moketan galdu du

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Txirrindularitza asfalto gaineko kirola da. Kilometroak egiten dituzte txirrindulariek galipotaren gainean. Garrantzitsua da errepidean ongi aritzea, garaipenik gabe zaila baita egitasmoak bizirik mantentzea. Askotan, baina, garrantzitsuagoa da metro koadro gutxiko bulegoetan abila izatea, eta pisu handiagoa du moketa gaineko jardunak asfaltokoak baino. Hori da Euskadi-Muriasen historia, eta porrota.

Jon Odriozolak duela bost urte jarri zuen abian bere ametsa, Euskaltel-Euskadik zaleengan utzitako nostalgiak hauspotuta. Babes morala, baina, ez da nahikoa erregai. Kirol profesionalean dirua behar da. Murias eraikuntza etxeak eman zion lehen bultzada, eta taldeko burua sinetsita zegoen emaitza onak lortuz gero proiektuak bizirik iraungo zuela. Elastikoan bigarren izen bat jartzeko ahaleginek, baina, ez dute fruiturik eman.

Odriozola gora eta behera ibili da Euskal Herrian, igogailuak bezala, ate guztiak joz: talde kooperatiboenak, atzerriko taldeetan dirua jarrita zuten enpresenak, Euskadi Fundazioarena... Erakunde publikoetara ere bidali zuen larrialdi deia. Azken urteetan itzuli handiak erakarri dituzte, eta iraganean erraztu izan dute kontratu publiko handidun enpresek kirol egitasmoak babestea. Baina ahalegin antzuak izan dira. Taldeak ez du lortu mekanismo horiek aktibatzerik. Emaitza onak ez dira aski, eta Euskadi-Murias gosez hilko da, bere buruari zer gehiago egin behar zuen galdezka, eta norbaitek etengabe zangotrabatu duen susmoarekin.

Euskadi Fundazioak hartuko du haren tokia 2020ko Itzulian, Vueltan, eta zaleen bihotzean. Ahaztuko al dute? Espero ezetz. Ez da egongo harrobi talderik gabeko impasse urterik. Zorte ona opa behar zaio. Asfalto gainean eta moketan. Orbeak apustu handia egingo duela dirudi; oinarri sendoa da. Euskadi-Muriasek izan ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.