Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Denbora galdu

2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Gasteizko Aldabe kalean badago grafiti arrunt bat, hilabeteak eta ziur aski urteak dituena, inork ezabatu ez duena, beharbada inori ez zaiolako bururatu, ez udal arduratsuari, ez eraikuntzaren jabe arduragabeei, mezua arriskutsua edo zikinegia izan daitekeenik. Hormaren beheko aldean dagoenez, ez da ikusgarriegia ere, hizkiek tamaina handitxoa duten arren. Grafitiak honela dio, gutxi gorabehera euskaraturik: «Gal ezazu denbora bizitza (bizimodua) irabazteko». Niri, jakina, asko gustatzen zait; egia esan, ez dut deialdi berezirik behar denbora galtzeko: primeran egiten dakit. Ulergarria izan daiteke agian agintariek, oso kezkaturik beti, bestalde, errebeldia zantzu ñimiñoena erakus dezakeen edozer gauza ezabatu edo zigortzeko, hain eskuzabal jokatu izana Aldabe kaleko grafitiarekin: badakite gudu hori irabazi zutela aspaldian. Ni neu presaka igarotzen naiz aurretik erlojuari begira lanera berandu ez iristeko gelditzen zaizkidan minutuak kalkulatzeko. Jende gehiena presaka doa Aldabe kaletik: lanera doa edo haurrak eskolara eramaten ditu edo erosketak egiten ari dira; dauden bi tabernen aurrean denbora galtze moduko bat ikus daiteke, baina itxura da, besterik ez, lantokira ailegatu aurretik zerbait gosaltzen ari dira high-visibility jantziak dituzten gizonezkoak edo nonbait garbiketa egiten duten emakumeak (janzkerak ere salatzen du ogibidea). Gorbatadun gutxi dago Aldabe kalean, beste nonbait egongo dira denborarik ez galtzen.

Lantokiko liburutegi txikian liburu baten bila nagoela, apur bat berandu iritsi naiz, bat-batean Bitoriano Gandiagaren Denbora galdu alde zaharrarekin estropezu egin dute nire eskuek (denbora galtzearen aldeko jainko bat egongo da hortik). Ezaguna da liburuaren jatorria: liburuan bertan medikuen txostenak daude, depresioa eta gaixotasun obsesiboak diagnostikatu eta antsiolitikoak agintzen dituztenak. «Denbora galtzen ikasi behar dudala esan dit psikiatrak. Bego eta bedi», dio Gandiagak berak ia hasieran. Zeregin premiazkoak alde batera utzi eta denbora galtzea erabaki dut Aldabe kaleko grafitiak eta Gandiagak (eta balizko jainko horrek, zer gerta ere) akuilaturik. Ez dakit zenbat urte izango nituen liburua lehen aldiz irakurri nuenean, ez dut gogoan zein aldarte zen nirea garai hartan, baina, hortik (Koldo Izagirrek paraturiko antologian, adibidez) maiz irakurri ditudan poema batzuk kenduta, liburu ia berri bat agertu zait begien aurrean, eta liburu zaharrak berrirakurtzean askotan gertatzen zaidana gertatu zait liburu honekin ere: gaur egun modernotzat, berriztatzailetzat edo, are gehiago, apurtzailetzat saltzen dizkiguten kontu asko maisuek landu zituzten aspaldian (horregatik dira maisu). «Denbora, ongi etorria zu!» idatzi eta gero, gorputzaz aritzen da Gandiaga, gorputzaren fisikotasunaz. Poemak (forma tradizionalak zein askeak), prosa txikiak (egunkari zatiak izan daitezkeenak zein istorioak), elkarrizketa moduan antolatutako testuak, oroitzapenak, aitorpen mingarriak... Pusketetan zartatutako literatura posmodernoaz hitz egingo digute gero. Bizipozaren eta, nola ez, geldotasunaren ikasbide eta aldarrikapen xumea.

Norbaitek Blanca Valera-ren esaldi bat txiokatu du («La lentitud es belleza»), eta denbora galtzen dut itzulpen egokienaren bila (balizko jainko horren existenziaz gero eta seguruago): geldotasuna edertasuna da, geldoa ederra da, motela edertasuna da, motela ederra da, ederra da geldoa... Blanca Valera ere berrirakurri beharko nuke eta Gandiagak aipatzen duen Cesare Pavese-ren hori. Presarik gabe, baina.

Gandiagaren liburua poltsan (irakurketa geldoa merezi du) etxera itzultzen naiz motel-motel Aldabe kaletik, grafitiak hor segitzen du, Gasteizko udaberria, beti berantiarra, beti geldoa, dastatuz: urteroko alergiaren lehen sintomak sentitzen hasi naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.