Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Idazle engaiatua dibanean

2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Idazle engaiatu bat psikologoaren kontsultako dibanean etzanda dago, azalpenak ematen.

Garai batean, idazleari konpromisoa eskatzen zitzaion, engaiamendua. Gabriel Arestik esaten zuen poesia mailu bat dela, Gabriel Celayak, berriz, etorkizunez kargatutako arma bat. Gaur egun, aldiz, poesia mailu bat dela esatea, edo etorkizunez kargatutako arma bat... irrigarria iruditzen zait, erridikulua. Lekutan dago! Francoren diktaduraren garaian, idazleen lan guztiak ikuskatu egiten zituzten argitaratu aurretik, eta asko eta asko debekatu, zentsuratu, arriskutsuak zirelakoan. Arriskutsuak! A zer ohorea idazle engaiatu batentzat!

Gaur ere zentsuratzen dira sormen lanak, gero eta gehiago gainera.

Baina pertsona, erakunde edo kolektibo zehatzen aurkako aipamenak jazartzen dira gaur egun, ez literatura engaiatua. Arestik, Celayak eta beste askok arriskuak hartuz egiten zutena lasaitasun eta askatasun osoz egin dezakezu gaur egun, zentsuraren batere beldurrik gabe, agintea futitu egiten delako gaur egun kritika sozialaz. Are gehiago: diruz sustatu eta saritu egiten du, kulturaren aldeko aipamen arranditsuen artean. Ironiarik gabe.

Hala iruditzen zaizu?

Orain dela hiru hamarkada, erakunde ofizialek ez zuten punk eta rock musika onartzen, ukatu egiten zizkieten laguntzak taldeak sortzen zituzten musikariei, etsaitzat hartu eta kriminalizatu egiten zituzten, gazteen artean sortzen ari zen giro errebeldea sustatzen zutelako. Gaur egun, milaka rock talde daude Euskal Herri osoan, sekulako salaketa zuzen eta gordinak egiten beren kantuen hitzetan, kritika sozial latza. Baina zer eragin du horrek gizartean, gazte batzuentzat amorrua deskargatzeko tresna izatetik harago? Gisa berean, literaturako kritika sozialak ezer gutxi egiten du lehendik konbentzituta daudenak beren ideietan sendotzetik landa.

Interesgarria. Jarraitu, mesedez.

Atentzioa eman zidan Facebook bidez ikusi nuen bideo batean Espainiako ez dakit zer lekutako gizon batek esaten duenak. Beharbada ikusi duzu zeuk ere. PPri botoa zergatik ematen zion argudiatzen du gizonak.

Uste dut ikusi dudala nik ere, baina nahiago duk zuk kontatzen badidazu. Jarraitu, jarraitu, ondo ari zara.

Gizon horrek dio badakiela PPkoak lapur ustelak direla, baina berak erabakitzen duela nork lapurtzen dion, eta PPkoek lapur diezaioten nahi duela. Okerrena da, hasieran planteamenduaren zentzugabekeriak harri eta zur utzi baninduen ere, pixka bat pentsatu ondoren konturatu nintzela pentsamendu hori ez zaida la hain arrotza egiten, ez dagoela zuk eta biok, edo nik ezagutzen dudan jende gehienak, sakonean pentsatzen eta, batez ere, egiten dugunetik hain urruti. Berdin dio PPri botoa eman beharrean beste lapur bati edo batzuei ematen badiegu.

Jesus, Jesus, Jesus! Jesus, Maria eta Jose! Zer esaten ari zara, gizona!

Janda daukagu dagoeneko politikarien ustelkeria, janda daukagu aberatsen eta pobreen aldeko amildegi gero eta zabalagoa, janda dauzkagu langileriaren prekarizazioa eta atomizazio desartikulatzaile eta desaktibatzailea, janda dauzkagu munduko gerrek eragiten dituzten triskantzak eta sarraskiak guregandik urruti geratzen diren bitartean, hain urruti non haiek ulertzen saiatu beharrik ere ez dugun... Horretaz guztiaz nahi duzun guztia idatz dezakezu zentsuraren beldurrik gabe, are esketx barregarriak egin ere edozein telebista kanaletan, kritika sozialik zorrotzena ere txiste zuri bihurtzen baita gure garun injustizietan laketuan, injustiziak geure bizimodu gutxieneko erosotasun maila batean normalizatuari zuzen-zuzenean kalte egiten ez baldin badio behintzat, jakina.

Ez dakit ba benetan hain handia den bi Gabrielen garaitik gaur egunera arteko aldaketa. Beharbada zeure pertzepzioak izan du aldaketarik handiena. Hala eta guztiz ere idazten jarraitzen baituzu. Zergatik? Zertarako?

Mailu izateko ezindua, ukendu bihurtu da literatura. Kritika sozialaren bidez injustiziak modu benetan eraginkorrean salatzeko ezindua, bizitza eramangarriago bihurtzeko funtzioa hartu du. Terapia hutsa da, askotariko minen sendagaia, idazlearentzat zein irakurlearentzat.

Zu ez zaitu sendatu hala ere, niregana etorri behar izan duzunerako.

Kar, kar, kar... Ondo engainatuta bizi zara! Nire irudimenean baino bizi ez den fikzio hutsezko pertsonaia bat zara, eta aurrerantzean irakurle batzuen irudimenean ere biziko zarena, nire aurreikuspenik baikorrenak betetzen badira behintzat. Hezur eta haragizko zure lankide bati ordaindu beharko niokeena aurreztu dut behintzat, literaturari esker, eta gainera BERRIAk ordaindu egingo dit —niri, eta ez zuri!— solasaldi honengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.