Pastor
DARWIN ETA GU

'Al·lèrgia' euskararen plazerari

2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Frantsesa ikasi; bestela, ez kexatu lanik gabe geratzen bazara. Kinka larri horretan egon dira Donostiako klinika bateko langileak. Lan egiteko hizkuntza hautatzeko aukerarik eman zaie? Haien eskubideak urratu dira? Arriskuan izan dute haien lanpostua? Aginduaren kontrako erreakziorik izan ez dela ohartuta, ezetz dirudi. Ez dut inon ere ikusi egoera hori salatzeko protesta, manifestazio edo erreportajerik.

Corte Ingleseko zuzendaritzak euskara derrigorrean ikasi behar dutela esan balie langileei, orduan bai komeriak: hedabide, alderdi politiko, talde, filosofo, aditu eta toleranteek aho batez arbuiatuko zuketen norbanakoaren askatasunaren aurkako erasoa. Baina frantsesa eskatu zaie, oh là là. Diderot, Voltaire, Montesquieu eta abarren hizkuntza argia; ez Kardaberaz, Orixe eta apaiz karlisten dialekto iluna.

Ernalkuntza lagundua eskaintzen duen klinika horretako bezeroen %20 frantsesak dira. Hango arduradunen arabera, emakume frantsesak ez dira negozioaren oinarri nagusia. Hala ere, frantsesa derrigorrezkoa da lan egiteko. Langile berriei ez ezik, zaharrei ere eskatu zaie. «Frantsesez ez zekienak ikasi behar izan du». Frantsestasuna errespetatu beharra dago. Euskalduntasuna, ez. Euskal Herriko hainbat lekutako denda, kafetegi eta abarretako bezeroen %20 baino gehiago euskaldunak dira. Hala ere, inork ez ditu bertako langileak euskara ikastera behartuko. Eta halakorik egingo balute, Eusko Legebiltzarreraino bertaraino helduko lirateke kexak. «Zergatik ikasi behar dute euskara? Azken batez, euskaldun guztiek erdaraz dakite», esango lukete.

Donostiako klinikara doazen emakumeetako inork gazteleraz ez baleki bezala. Halakorik badago, zergatik ez jarri haien eskura frantsesez egiten duten zenbait lankide, baina ez behartu denak frantsesa ikastera? «Egon apur batean, oraintxe atendituko zaitugu frantsesez». Eta andrea zain eduki hor, frantsesez dakien enplegatua noiz etorriko. Bitartean, espainolez ari direnak aurrera. Euskaldunok badakigu hori zer den. Suerterik badugu, euskaraz dakien langilea bidaliko digute, baina bitartean, itxaron egin behar. Euskaldunok ez dugu presarik, antza: bost edo hamar minutu galtzeko prest gaude, euskaraz egiteko mesedea egin diezaguten. Mugagabea da euskaldunon denbora. Are mugagabeagoa pazientzia.

Unionista erdaltzaleek baldintza eta arau guztiak dituzte alde, eurena inposatzeko. Eta inoiz gauzak gustukoa ez duten tankera hartzen hasten badira, segituan zuzentzen dituzte. Kexa. Balear Uharteetako osasun arloan lan egiteko oposizioetan atzera bota omen dute hautagai bat, alergia hitza katalanez ondo idazten ez zekielako. Agian, Cristina Cifuentesen erreinuan oso eskuzabalak dira eta katalan bat kontratatuko dute, alerjia idazten duena. Duda egiten dut, baina. Hala balitz ere, alerjia berbak ez die inondik inora ere kalterik egingo espainieraren zabalkunde, iraupen eta prestigioari. Gaizki idatzitako alergia horrek, aldiz, ez dio mesederik ekarriko katalanaren normalizazioari.

Katalana erabiltzeko kanpaina bultzatu berri dute hizkuntzaren aldeko kolektiboek. Estimo el català. Plazerari lotutako irudiak hedatu dituzte: mingain bat konfetiz betea, ezpainak eta musuak, mihi bat izozkia miazkatzen. Utilitza la llengua, dio leloak. Euskal Herrian ere halako mezuak ditugu nagusi. Hizkuntza plazera da. Jendea erakarri behar dugu. Sadismo linguistikoa ez da gurea. Eta masokismoa bai? Zer egin euskara gorrotatzen dutenekin? Euskararen plazerari alergia diotenekin, alegia. Arantxa Tapiari errespetu falta leporatzen diotenekin, Iruñean euskaraz egiteagatik. Haiengana joan, eta Paulo Coelhoren liburu bat oparitu, horixe. Edo Disney edo Benigniren film bat, bizia zeinen ederra den kontura daitezen. Inozo moduan jokatzen segitu, plazera gora eta plazera behera, haiek gure aurpegira txistua bota arren. Ez, jaun-andreok. Nik gustukoa dut plazera. Oso. Baina al·lèrgia diot halako jende-moduari plazer emateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.