Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Ez dauden horiek

2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gertatzen dena da, eta komentario hau herenegungo zutabearekin ari naiz lotzen, gu dagoeneko ohitu ere egin garela, eta hala dela kasik onartu ere bai: gure selekzioa ez dela berehala egongo Munduko Kopa batean, alegia. Nolabaiteko onarpen etsia dago, berezkoa ia, sortzetiko akatsen bat bagenu bezala geneetan. Eta hori normaltzat hartzen den modu berean, hartzen da normaltzat guk beste selekzioren bat hautatu behar izatea animatzeko, txikiren bat noski, neurriaren identifikazioagatik. Edo, hori bezain ohikoa den beste jarrera bat: Espainiaren kontra jokatzen duenaren alde egotea (edo, kontrako muturrera joanda, Lendakaris Muertos taldearen Gora España kantuan aipatzen dena, eta beste zutabe baterako gaia ere badena).

Eta hori denez gure patua, dagoeneko horrelako driblin ideologikoetan espezializatu gara, txertatuta dugu gure izaeran. Alde horretatik, guk baino ahalegin handiagoa egin beharko dute lehiatik at geratu diren selekzio handiek, orain inork gogoratzen ez dituen horiek: Italia, Herbehereak, Txile… eta handiak diren ez dakidan arren, beti baloiaren bueltan ikusi izan ditudanak: Hungaria, Txekia, Errumania, Turkia, Eskozia, Grezia… Zein talde animatzen ote dute orain herrialde horietako futbolzaleek? Jarraitzen al dute Munduko Kopa, euren selekzioak jokatzen ez badu ere? Futbola kirol-ikuskizun hutsa al da orain eurentzat, nazioaren paparra puzten duen tresna izan beharrean?

Egunkari honetan igandean irakurri ahal izan genuenez, Italiako zaleen laurdenak Islandiak irabaztea nahi du. Munduko zalerik beroenek Munduko Kopako herrialderik hotzenean hartu dute ostatu. Izotzean urtzen baita pasioa… maitasun huts bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.