Pastor
DARWIN ETA GU

Lehendakari andrea

2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Joan da Buteflika lehendakaria, Aljerian hogei urtean agindu ondoren. Lehendakaria edo presidentea, horixe baita kanpoko goi kargudun horientzat gaur gehienetan erabiltzen dugun substantiboa. Zergatik, baina? Zer dela-eta ez da ohikoa Aljeriako estatuburuari lehendakari deitzea?

Euskaltzaindiak lehendakari hitza onartzen du kasu horretan ere, baina gaur oso gutxitan erabiltzen da modu horretan. Lehendakaria soilik Euskadi autonomikoan dugu. Frankismoan errotu zen ohitura, eta erregimen juancarlista-n nagusitu? Mitifikazio baten ondorioa ote da? Kontua da botere maila berdina adierazten duen beste edozein eremutako karguarentzat buru edo presidente hitzak lehenetsi ditugula.

Lehenago, esparru handiagoan erabiltzen zen lehendakari hitza. Orotariko Euskal Hiztegian azaltzen diren erreferentziei erreparatu: oraintsu arte bera izan da Luistarren lendakaria Itziar-en (Basarri); komiteko lendakari egiten zuana (Alkain). Kanpoko presidenteei ere esaten zitzaien lehendakari: Colombiako lendakaria izana (1934). Tradizioa egon badago. Baina nork esaten du orain batzordeko lehendakaria? Kolonbiako lehendakaria? Zergatik ziren lehendakariak Enrique Olaya Herrera eta Alfonso López Pumarejo Kolonbiako estatuburuak biak, 1934an eta zergatik da presidentea Ivan Duque, oraingo lehendakaria?

Egun, batek baino gehiagok iraingarritzat joko luke bizilagunen komunitateko buruari lehendakaria deitzea. Iraingarria, ez kargua duen pertsonarentzat, aginte politiko gorena duen lagunarentzat baizik. Gutxiespen moduko hitzak edo. Zeharka, aldaretik lurrera jaitsi bagenu bezala. «Langile Batzordearen lehendakari Luis Martínezek Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Iñigo Urkullu agurtu du» idatziko genuke, biak ondo esanda badaude ere?

Euskal Telebistan lanean nengoen sasoian, kirol elkarte bateko buruari elkarrizketa egitea egokitu zitzaidan. Iurretatik irteteko geundela, sarrerako zaindari batekin jardun nuen hizketan. Elkarte haren lehendakariarengana nindoala esan nion. Gizona tente paratu zen, serio-serio: «Lehendakari bakarra dago, Ardanza lehendakaria. Besteak presidenteak dira».

Hemengoa beti lehendakaria. Ia-ia jainkoa. Presidentea? Presidenteak besteak dira, lurtarrak. Lehendakaria betirako titulua dugu, kargua utzi arren. Errepublikanoak gara, baina oso monarkikoak. Frantsesen modukoak. Oraintsu gertatu da: kazetari batek Sarkozy jauna deitu dio presidente ohiari, eta hark berehala zuzendu: «Monsieur le président».

Hemen lehendakari hitza erabiltzen dugu beti. Erabilera nahiko gutarrista dela esango nuke. Zenbat jeltzalek zuten guztiz barneratua Patxi Lopez lehendakaria zela? EAEko zenbat herritarrek deitzen zioten lehendakari intimitatean? Hitzaren erabilera EAEzentrista ere bada. Eusko Jaurlaritzako burua da lehendakaria. Nafarroako presidentea ala lehendakaria da Uxue Barkos? Zenbat aldiz aditu dugu elkarrizketa batean Uxue Barkosi lehendakari andrea deitzea? Urkulluri lehendakari jauna etengabe, baina Barkosi lehendakari andrea? Erdaraz argiago ageri da kontua: el lehendakari Urkullu esaten dugu. Zenbatetan entzun dugu la lehendakari Barkos? Ez dugu esan Nafarroa Euskal Herria dela, ba? Espainiako lege errepublikano edo monarkikoen arabera Euskal Herria soilik hiru probintziak osatzen dutelako ukatu behar zaio lehendakari titulua Nafarroako agintariari? Espainian egindako erreforma politiko postfrankistak onartutako botere basko bakarra Gasteizen dagoelako?

Joan da Buteflika lehendakaria. Aljerian 90 egun dituzte hauteskundeak antolatzeko. Espainiak administratutako Euskal Herrian ere bozak izango ditugu, hiru aste barru. Sanchez lehendakariak eskumen batzuk eskaini ditu Madrilgo bazarrean, dekretuak onartzeko botoen truke. Estatutua betetzen segitzea beste erremediorik ez du izan Espainiak. Komeni zaionean egiten du. Aldebikotasuna deitzen dio Gasteizek horri. Nik aldebakarrekotasun malgua deitzen diot. Pozik agertu da Urkullu presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.