Jon Alonso.
HIRUDIA

Konplexugabezia osoz

2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Hasteko, egunon Maialen eta Ricardo; egun on irakurleei ere, noski.

Aspaldi naiz BERRIAn idatzi gabea, eta bertan izenpea jartzea beti da pozerako arrazoia. Ardurak zipriztindutako poza.

Hiruren arteko formula honen funtzionamendu onaren giltza aurrekoak ezarritako puntuari segitzea delakoan, horretan saiatuko naiz, Maialenek lehengoan jarri zuen gaiari jarraipena emanez.

Nire adiskide batek hamasei urteko semea dauka, eta hari galdetu nion, ea bere institutuan Maialenek esaten duen bezala gertatzen den. Alegia, eskatzen den irakurketa-maila ez ote den aski diferente gaztelaniaz eta euskaraz. Baietz erantzun zidan; aurten La Celestina-rekin ekingo diote gaztelaniazko irakurketari, eta klasikotik gutxi eta errazetik asko duen batekin euskarazkoari.

Gero, ez ote zegoen kezkatuta galdetu nion. Kontuan hartu behar da nire adiskide hori oso literaturzalea dela; bere senarra ere hala da. Etxea liburuz josita duten horietakoak dira.

Erantzun zidan baietz, kezkatuta zegoela, baina institutuan irakurtzeko zeuzkaten liburuen arteko desorekak, hizkuntzaren araberakoak, baino askoz gehiago kezkatzen zuela ikusteak semeari, haren bizitza osoan, ez zitzaiola behin ere okurritu apalategira joan eta milaka liburu horietako bat esku artean hartzea, jakin-minez, gertutasun hutsez, edo txiripaz. Adiskideak azpimarratzen dit semeak mota guztietako liburuak eduki dituela eskura, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez; beti ikusi izan dituela bere gurasoak liburu batekin, gehienetan euskarazkoa edo gaztelaniazkoa, gutxiagotan frantsesez edo ingelesez; eta, hizkuntzak hizkuntza, sekula ez zaiola burutik pasatu liburu horietako bat esku artean hartzea, «ezta azaleko irudia ikusteko ere!» azpimarratu zidan.

Dirudienez, pantailatik pantailara pasatzen omen du nerabezaroa nire adiskidearen semeak.

Orduan, galdera da: benetan aldatuko litzateke nire adiskidearen semearen jokabidea hutsalkeria bat beharrean, Otto Pette edo Janis Joplin irakurtzea aginduko baliote?

Zalantza handiak dauzkat. Iruditzen zait egoerak gehiago duela zerikusia Tolstoirena omen den Gizon zoriontsuaren alkandora izeneko ipuinarekin. Ezaguna da oso: Errusiako Tzar handia hiltzen ari da, eta bere medikuek esaten diote senda dezakeen botika bakarra zoriontsua den gizon baten alkandora janztea dela. Tzarraren mezulari guztiek miatu egiten dute Errusia goitik behera. Baina ez dago gizon zoriontsurik. Azken-azkenean, mirakulua!, zoriontsua dela esaten duen bat agertzen da. Ordea, mezularia gizonarengana hurreratzen denean, Tzarraren bizitza salbatuko duen alkandoraren bila, konturatzen da gizon zoriontsuak... ez daukala alkandorarik. Antzera gu: ikasketak euskaraz egin dituen belaunaldi guztiz alfabetatu bat edukitzerako (batua sortu zutenek beren ametsik onenetan ere amesten ausartzen ez ziren egoera), belaunaldi horretakoek ez dute literaturaren beharrik sentitzen (alkandorarik ez).

Horixe baitzen orain 50 urte batua sortu zuten gizon eta emakumeen (gizon, batez ere) desideratum-a: ikasketak euskaraz egindako belaunaldi oso bat. Orduan euskara «salbo» ikusiko genuen. Geroxeagokook ez dugu hainbeste maite izan hizkera bibliko-sakroa, eta euskara salbatu beharrean, «gaur egungo munduan lasai eta trabarik gabe ibiltzeko moduko» bihurtzea genuen enpeino, zeina, praktikan, asmo aski antzekoa baitzen.

Non dago gure nahi hori batua sortu eta 50 urte geroago? Literaturari dagokionez, Maialenek salatzen duen puntu horretan, Gereñorengandik (demagun, eta errespeto osoz esanda) Lertxundi edo Alberdirenganainoko dekalaje horretan. Gereñorengandik askoz hurbilago, noski. (Bakarrik literaturari dagokionez?)

Eta larria da hori, noski, larria denez, sortzaileei kasu egitean datzala erabilerarako giltza, nik bezala, uste duen batentzat.

Asko idatzi da horretaz (batzuek kasik doktoretza tesiak egin dituzte gaiari buruz); baina idatzitako ia denak ondorio berera eramaten nau: euskaldunak estatistiketan ageri dena baino gutxiago direla, kopuruz; eta, talde-pertenentzia sinpatiko eta ez problematikoa adierazteko behar denetik harago, ez direla hain euskaltzaleak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.