Pastor
DARWIN ETA GU

Greta Etxebarrieta

2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ez dio ardura non sortu zen: Bilbon, Gasteizen, Tolosan edo Ortzaizen; ikastolara edo eskola publikora doan; euskalduna, erdalduna edo eurdalduna den. Noiz jaio zen da inportanteena: duela 11, 14, 16 edo 20 urte. Odol berria du. Eta edozein izen izan dezake: Naiara, Jennyfer, Fatima, Laida, Garazi... edo Greta. Greta Etxebarrieta.

Lurraren etorkizunak kezkatzen du Greta. Klima larrialdia eragin duten politika, erabaki eta jokaerak kritikatzen dituzte, harekin batera, munduko ume, nerabe eta gazteek. Borroka horrek batzen eta mugiarazten ditu, beste kontu batzuek ez bezala. Etorkizunean ohiko politikagintzari lotuko zaizkio gazteak arazoari aurre egiteko ala beste bide bati ekingo diote?

Greta Thunberg dugu haien erreferentzia. Neska suediarra ez da sobera fidatzen politikariez. Nola eragingo dio gure politikari Thunbergek munduan barrena bultzatutako mugimenduak? Pentsatu zer gertatuko litzatekeen datorren urteko bozetan 18 urteko neska batek zerrenda gretista bat aurkeztuko balu. Seguruena, lehen aldiz ilusio handiz bozkatuko luketen hainbat gazteren botoak lortuko lituzke. Lagun batek esan zidan lehengoan: «Konturatu da ezker abertzalea mugimendu horrek zer ondorio izan dezakeen etorkizunean? Pentsatu du nola kudeatu?».

Nola ikusten dute fenomenoa indar abertzaleek eta, bereziki, ezker independentistak? Hamaika datu eta ikerketa zientifikok frogatu dute planeta pikutara doala, orain arte bezala segituz gero. Kezka, beraz, erabat justifikatuta dago. Eta borroka ere bai. Alta, non geratuko da euskal agenda Lurraren agendaren barruan? Nola erakarri kaleetan planeta bakarra dugula gogorarazten diguten gazteak? Izan ere, erakartzen ez ditugunak Espainiaren edo Frantziaren agendan kokatuko dira, nahita edo inertziaz. Eta mundu mailako botere unibertsal bateratu igualitario desiragarri (ia) utopikoa lortu artean, bi estatu horiek diseinatutako esparru erabakitzaile eta erreferentzialean jardungo dute.

Nola bateratu, bada, Lurraren aldeko borroka eta herrien aldarrikapen nazionalak? Arriskua badago, eta ez edonolakoa: planetaren aldeko erronkak Euskal Herriaren hil ala biziko borroka ezabatzea, oraingo statu quo-ari eutsiko badio. Lurra da inportanteena, eta Euskal Herria hutsaren hurrena da planetan. Hortaz, Greta Etxebarrieta klima aldaketaren kontrako borroka ez armatuaren lehen ikonoa izango dugu. Beste guztia iragana izango da. Eta gure bi estatu nagusien inposizioa legitimatzea ekarriko du.

Klima larrialdiari aurre egiteko borroka transbertsala da. Aldarrikapen bakarretakoa izango da, PP edo Ciudadanosen inguruko familien seme-alabak eta euskal independentisten umeak batuko dituena. Hortik kanpo, lotura gutxi. Eta hor desabantailan gaude. Greta Etxebarrieta eta bere lagunak Lurraren salbazioaren alde kaleratuko dira erraz, baina ez da hain seguru autodeterminazioaren alde egingo ote duten.

Ume espainiar batek lasai asko esan dezake etxean: «Nik ez dut Espainia maite; nik Lurra maite dut». Gurasoek kritikatu edo txalotu egingo dute, baina horrek ez dio ardura. Umeak maitatu ez arren, Espainia hor dago, eginda. Espainiak ez du salbaziorik behar. Espainia salbatuta dago. Salbatuta eta babestuta. Indarkeriaren bidez, beste modurik ez badago. Horixe gogoraraziko digute gaur, hispanitatearen egunean, erregeak, presidenteak, armadak, Guardia Zibilak eta bestek. Eta Euskal Herria?

Ilobaren alabari buruzko pasadizoa azaldu dit lankide batek. Haren urtebetetzea zetorrela eta, zer opari nahi zuen galdetu zion. Umeak ez zuen dudarik egin: arrain bat. Animaliek libreak izan behar dutela esan zion lankideak, bestela hil egiten dira eta. Haurrak bizkor erantzun zion: «Nire arraina itsasoan hilko da, arrainontzian ez. Arrainontzian ez du plastikorik jango». Neskatoak sei urte bete zituen joan den astean. Oraindik ez daki oso modu kontzientean euskalduna izatea zer den, baina argi du arraina seguruago dagoela arrainontzian itsasoan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.